ALBISTEAK

Bergarako Udal Gobernua: "Berme barik, ezin dugu Larramendiko planta onartu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 29a, 11:55

Larramendin eraiki nahi den "hondakinen kudeaketarako" plantaren gainean Udal Gobernuak Bartzelonako aholkularitza enpresa bati eskatutako txostenak zalantzak handitu ditu: "Ez ditu, gaur-gaurkoz, ingurumen eta osasun bermeak ziurtatzen".

Larramendiko industrialdeko H partzelan eraikitzea aurreikusita dagoen plantak zeresan eta kezka handia sortu ditu azken egunotan. Horren adierazle dira azken asteotan Udaleko ordezkariek eta auzotarrek egin izan dituzten bilerak; azken batzarren artean daude urriaren 24an auzotarrekin egindakoa eta urriaren 27an beste eragile batzuekin egindakoa.

Txostenaren gaineko iritzia

Udal Gobernuak, planta berria "hondakinen kudeaketarako lantegi" moduan izendatzeaz gain, dio proiektuaren berri izan bezain pronto euren helburua izan dela "ahalik eta informazio gehien, fidagarria eta inpartziala" eskuratzea: "Gaiarekiko zegoen ezagutzarik eza handia zen. Horregatik, azterketa eta txostena egin zezan eskatu genion Bartzelonako enpresa bati".

Arantzabal, Lete, Artola eta Markina, gaurko agerraldian.

Bartzelonako Fichtner aholkulari enpresaren txostena asteon jaso dute Udalean, eta Gobernuak publiko egin du txostenaren gaineko lehen iritzia; gaur bertan agerraldia egingo dute: "Txostena jaso berri dugu, eta gauza bat argi geratu zaigu: enpresak aurkeztutako proiektuak ez ditu, gaur-gaurkoz, beharrezko ingurumen eta osasun bermeak ziurtatzen. Eta, zuhurtziagatik, ezin dugu hori onartu. Zalantzak eragiten dizkigute, gainera, beste arlo batzuetan ere eragina izan dezaketenek. Udalari herritarren hobe beharrez aritzea dagokio, herritarrak zaintzea, eta edozein proiekturen aurrean ingurumen eta osasun bermeak ziurtatzea". Proiektuaren hirigintza bateragarritasuna berrikusten ari direla ere adierazi dute.

Udal Gobernua: "Txostena jaso berri dugu, eta gauza bat argi geratu zaigu: enpresak aurkeztutako proiektuak ez ditu, gaur-gaurkoz, beharrezko ingurumen eta osasun bermeak ziurtatzen. Eta, zuhurtziagatik, ezin dugu hori onartu".

Beste enpresa batzuk "uxatzea"

Udal Gobernuak gaineratu du gaiaren bueltan sortu den "ziurgabetasunak" bestelako albo-kalte batzuk ere eragingo lituzkeela: "Nahi dugu Bergarako ehun ekonomikoa indartsua izatea, bergararren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko. Baina ez dugu nahi edozer gauza, berme batzuk behar ditugu. Ziurgabetasun honek albo-kalteak ere ekar ditzake, eta lehen zantzuak ikusten ari gara dagoeneko. Enpresa hau Larramendiko industrialdean ezartzeak beste enpresa batzuk uxatuko dituen konfirmazioa dugu. Ehunka lanpostu daude kolokan epe motzean, eta, etorkizunera begira, Larramendiko industrialdearen eta Bergararen garapen ekonomikoa erabat baldintza dezake Valogreene hemen ezartzeak. Larramendira joateko erabakian enpresaren batek atzera egiten badu, Bergaratik kanpora joango dira lanpostu hauek, eta honek asko kezkatzen gaitu".

"Eztabaida sosegatua" nahi

Aurrera begira, "eztabaida publiko eta sosegatua" eskatu du Udal Gobernuak: "Aurrera egingo bada, ziurtasunak eta bermeak behar ditugu, eta hori, sustatzailearen, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, eta talde ekologisten, herriko beste enpresen zein interesdunen eztabaida publiko eta sosegatu baten bidez soilik lor daiteke".

Carlos Arribasen alegazioa

Era berean, proiektuari alegazioa jarri zion, urriaren 14an, gaian aditua den Carlos Arribas ekologista bergararrak, eta joan den astean GOIENAri emandako elkarrizketan aipatzen zuen, besteak beste, Larramendin garatzea aurreikusten den teknologia ez dela nahikoa heldua: "Hondakinen kudeaketarako jarduera bat izango litzateke. Hondakin ez-arriskutsuak lirateke, nola ez, baina tratamendu termiko batekin, hau da, erraustuz. Hori da jarduera horren benetako errealitatea, oso modu argian ezkutatu diona sustatzaileak Bergarako Udalari. Arriskutsua den teknologia bat da, ez da nahikoa heldua. Ez da nahikoa sinesgarria teknikoki. Horregatik, teknologia horrekin martxan jartzekoak ziren hainbat proiektu bertan behera geratu izan dira Europan".

Plantaren aurkako sinadura eta alegazio bilketa gaur, urriak 29, Bergarako plazan.

Valogreene Paper BC enpresak Udala eta herritarrak engainatzen saiatu dela dio Arribasek: "Ez da bakarrik ez dela partaidetza prozesu publiko bat egon, baizik eta orain bertan tramitatzen ari den informazio publikoa ez da osorik eman, inondik inora. Informazio oso garrantzitsua dena konfidentzial izendatu dute, Jaurlaritzak inongo oztoporik jarri gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak