Bergarako Udal Gobernua, "kezkatuta" Valogreene enpresak Bergaran hasi nahi duen jarduerarengatik

Eneko Azkarate Laspiur 2021ko urr. 25a, 16:30

Bergarako Larramendiko industriagunea, Basalgo aldetik.

Bergarako Udal Gobernuak dio kezka eragin diotela azken egunotan Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendi poligonoan paper-industriaren hondakinen tratamendurako ezarri nahi duen plantaren inguruan jaso dituen hainbat informaziok.

Bateragarritasun urbanistikoari dagokionez, dio Valogreene enpresak Larramendi poligonoan jarduera ezartzeko egin zuen eskaera bateragarria da Bergarako plan orokorrarekin, eta ondorioz Bergarako Udalak "baimena eman behar izan" diola. Hala ere, Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako proiektua jendaurrean jarrita, eta alegazioetarako epea zabaldu ondoren, Udalak ikusi du Valogreene enpresak Udalean egindako tramitazioan, eta ondoren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailean egindakoan, "jardueraren deskribapenean kontzeptu desberdinak" erabili dituela.

Baimena "berrikusteko" gertu

Hori horrela, Bergarako Udal Gobernuak hori aztertzeko erabakia hartu duela dio, eta horretan ari dela lanean arlo teknikoa. "Ziurtatu nahi du Udalean egindako eskaeran jasotzen den jarduera den egiteko asmoa duena, edota ondorego eskaeretan jarri duena. Bigarrena balitz, berrikusiko du baimenarena, plan orokorrarekin bat datorren edo ez aztertuta".

Bi arlotan ari zaio Bergarako Udala jarraipena egiten gai honi, Udal Gobernuko iturriek adierazi dutenez: urbanistikoan eta ingurumenean. Ingurumenaren alorrean Udalak eskumenik ez badu ere, Eusko Jaurlaritzari baitagokio, Euskal Herrian jarduera horren inguruan dagoen ezagutza eza aintzat hartuta –jarduera berria baita–, Bartzelonako enpresa bat kontratatu du Bergarako Udalak azterketa egin eta txosten bat egin dezan. Behin betiko txostena aste honetan jasotzea espero du Bergarako Udalak, baina dagoeneko aurre-txosten bat jaso du, eta hasieran zituen "zalantzak handitu" egin zaizkio Udal Gobernuari.

Alegazioak aurkezteko epea luzatu

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin batzartu da Udal Gobernua gaia aztertzeko, eta alegazioetarako epea luza dezan eskatu dio. Gai honi lotuta, une honetan hainbat aztergai ditu zabalik Bergarako Udalak, eta datozen egunotan "informazio zehatzagoa" izatea espero du. "Informazio ona jasotzen duen neurrian herritarrei jakinarazteko konpromisoa hartzen du" amaitzen du, Bergarako Udal Gobernuak hedabideetara bidalitako oharrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak