ALBISTEAK

Carlos Arribas: "Eraikitzen bada, oso kutsatzailea izango da Larramendiko planta"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 21a, 17:02

Ia 25 urte daroatza Alacanten bizi izaten Carlos Arribas Ugartek (Bergara, 1953). Zientzia Fisikoetan lizentziatua, kutsadura detektatzeko masterra egin zuen Valentziako unibertsitatean eta duela bost urtetik hondakinen arloko arduraduna da Ekologistak Martxan konfederazioan. Alegazioa aurkeztu du Larramendiko plantaren aurka eta dio, besteak beste, Greene enpresa Udala eta herritarrak engainatzen saiatu dela.

Larramendiko plantaren proiektua geldiarazteko alegazioa jarri berri, Bergaran jaiotako ekologistak dio jarduera "osasungaitza eta kaltegarria" dela: "Makro-erraustegi bat da". Hona hemen GOIENAri eman dion elkarrizketa.

Zein izan da Larramendiko plantari alegazioa jartzeko prozesua?

Udalari eskatu diogu bertan behera utz dezala alkatearen 2021eko uztailaren 23ko dekretua, sustatzaileari hirigintza-bateragarritasunaren ziurtagiria ematen diona. Izan ere, Greene Waste to Energyren eskaera industriarako karga mineralen ekoizpen ekologikorako jarduera baterako zen; baina ez da, azkenean, Larramendin gauzatuko zena. Sustatzailea Udala eta herritarrak engainatzen saiatu da; izan ere, benetako jarduera papergintzako 155.060 tona hondakin errausketa bidez ezabatzea litzateke. Udalak dekretua bertan behera uztea eta hirigintza-bateraezintasunaren ziurtagiria onartzea nahi dugu, jarduera hori ez dagoelako Plan Orokorrean jasota eta ez delako bateragarria inguruan jendea bizi denean. Jarduera gogaikarria, osasungaitza, kaltegarria eta arriskutsua da.

"Udalak dekretua bertan behera uztea eta hirigintza-bateraezintasunaren ziurtagiria onartzea nahi dugu; jarduera gogaikarria, osasungaitza, kaltegarria eta arriskutsua da".

Zergatik da gogaikarria, osasungaitza, kaltegarria eta arriskutsua?

60.000 metro kubiko gas kutsagarri eta substantzia arriskutsu –merkurioa, dioxinak, furanoak, konposatu organiko lurrunkorrak...– direnean, halako jarduera kutsatzaile bat ezin da etxebizitzetatik gertu kokatu. Zentzugabekeria da. 1961eko dekretu zaharrak jarduera horietarako etxeetatik gutxienez 2.000 metroko distantzia ezartzen zuen. Kutsadura 16 metroko altuerako tximiniatik zabalduko litzateke. Urtean 24 tonako kamioietan 155.060 tona lohi eramateak gutxienez 6.460 kamioi eta joan-etorriko 12.922 bidaia emango luke emaitza modura; Orereta, Amezketa, Villabona eta abarretatik Bergarara eta itzulera aintzat hartuta. Kamioi bakoitzaren edukiera 12 tonakoa bada, kamioiak 12.922 izango lirateke eta bidaiak, aldiz, 25.843.

Datu kezkagarriak dira, edo?

Oso kezkagarriak. Oso jarduera kutsatzailea da, eta bergararrek ez dute merezi karga toxiko hori, bizitza baldintzatuko du eta. Industrialde hori hirigunetik oso gertu dago, osasun zentrotik 2,3 kilometro baino gutxiagora, eta Ubera, Basalgo eta San Juan auzoetatik askoz gertuago. Oztopo bat izango da beste jarduera arrunt batzuk ezartzeko. Bergara industria arriskutsuen mapan agertuko da, horrek dakarren guztiarekin.

Greene enpresako zuzendariak GOIENAri esan zion ez litzatekeela usainik sortuko, isurketak izugarri murriztuko liratekeela... Zer diozu?

Hezetasunez eta materia organikoz betetako lohi horiek usain ederra hartu behar dute... Izan ere, biltegiratzean sortuko litzatekeen metanoa biltzea planteatzen da. Hau da, jarduera biologikoa duten lohiak dira, neurri baten ur zikinen depuradoretatik datozenak. Isurketa saihestea oso ondo dago, Zaldibarko hondamendia ikusita, non paper-lohi horiek isurtzea izan zen isurketa horren arrazoietako bat, baina ez gaitezen okerrera joan. Hondakin horiek zazpi paper-fabrikatan prozesatu beharko lirateke eta in situ behar bezala tratatu, birziklatu eta ekoizpen-prozesuan berriz sartzeko. Aukera asko daude: lohiak konpostatzea eta lurzoruak hobetzeko aprobetxatzea, betiere gai arriskutsuen kutsadurarik ez badago, eta eraikuntzarako paper-orez eta zementuz egindako adreiluak egitea. Baina, jakina, enpresek irtenbiderik merkeena bilatzen dute, eta hondakinak nola edo hala gainetik kendu. Ekoizpen garbiaren paradigma ez da sartzen haien planteamenduetan eta helburuetan. Gainera, hondakinak errausteak berotegi-efektuko gas garrantzitsuak sortuko lituzke, eta hori ez dakit konponbiderik onena ote den bizi dugun larrialdi klimatikoarekin. Bide batez, ingurumenaren gaineko azterlanek ez dute gas horien isurketa ebaluatzen, ez dira existitzen haientzat.

"Urria da benetako informazioa; alde garrantzitsuenak isilpean gorde nahi izan dituzte"

Larramendiko industrialderako ere kaltegarria litzateke?

Jarduerak aurrera egiten badu, industrialdearen kudeatzailea den Sprilur enpresa publikoa ahaztu egin beharko da gune hori orain ia hutsik dauden enpresa arrunt gehiagorekin betetzeaz, ihes egingo dutelako. Inork imajinatzen al du fruta-biltegi bat edo ogia zein pastelak egiteko fabrika bat makroerraustegi horren ondoan? Negatiboa litzateke marka zein langileentzat.

Makroerraustegi bat da, beraz?

155.060 tona hondakin tratatzeko jarduera da, eta ez da Bergarako HAPOn aurreikusitako industria-jarduera bat ere. Ez dago jasota Jaurlaritzak 2019an onartutako lurralde antolamenduaren gidalerroetan.

Behar beste informazio eman da Larramendiko plantaren inguruan?

Sustatzaileak ez du parte-hartze publikoko prozesurik hasi, eta proiektu horri buruzko benetako informazioa urria da. Jende gehienak ez du erabat ezagutzen. Proiektuaren alderdi garrantzitsuak isilpean gorde dituzte, eta dokumentu horiek ezin dira eskuratu. Espainiak ingurumen-gaietan parte-hartze publikorako eskubideei buruz sinatutako Aarhuseko Hitzarmena ez da betetzen ari. Pentsatzen da ia inork irakurtzen ez duen egunkari ofizial batean iragarki bat argitaratuta nahikoa dela eta horrela bete egin dutela. Ez dugu parte hartze errealerako kulturarik. Beste herrialde anglosaxoi batzuetan, sustatzaileek jardunaldiak, topaketak eta entzunaldiak antolatu beharko zituzten, leku guztietako adituekin, proiektua zuzenean herritarrei azaltzeko eta jendearen galderak eta kontsultak jasotzeko.

"Alegazio eredu bat zabaltzen ari gara, jendeak azaroaren 4a baino lehen aurkeztu dezan udaletxean"

Badago beste aukerarik?

Esan izan dugu: ekoizpen garbia, birziklapena, hondakinen sorrera minimizatzea, eko-diseinu industriala. Prozesu industrialak zirkulartasunean pentsatuz diseinatu behar dira. Printzipio gisa, paperaren industrian sortutako hondakinak lantegietan bertan tratatu beharko lirateke, eta ahalik eta gutxien kanpora atera. Ez da sakrifizio-eremurik aukeratu behar jarduera gogaikarri horiek hondakin horien sorreran inolako erantzukizunik izan ez duten herrientzat ezartzeko, engainua bilatuz eta jendearen apatiaz baliatuz.

Ezer gaineratu nahi duzu?

Alegazio-eredu bat zabaltzen ari gara, jendeak azaroaren 4a baino lehen sinatu eta udaletxean aurkez dezan. Espero dut egun hori baino lehen ehunka alegazio aurkeztea. Oraingoz ez dugu Udalaren erantzun ofizialik jaso baina badakigu aztertzen ari direla; espero dugu helegitea onartuko dutela proiektua behin betiko geldiaraziko dela.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak