Zeintzuk dira eraiki nahi den plantaren abantaila nagusiak? Eta desabantailak?
Plantaren abantaila nagusia da modu jasangarrian tratatuko direla papera ekoiztean sortutako lohiak eta azpiproduktuen nahasketa bat, paper-errefusa izenekoa. Bi material horiek paper-industriaren ekoizpen-prozesuan lortzen dira, eta orain arte zabortegia zen haien azken geltokia. Hala ere, planta berriari esker, ekonomia zirkularraren ereduan sartuko dira eta lehengai jasangarri berri bihurtuko dira.
Beraz, Valogreene Paperrek urtean 122.000 tona hondakin zabortegira ez botatzeko balioko du, eta atmosferara urtean 150.000 tona CO2 isurtzea saihestuko da. Desabantaila nagusia da plantaren amortizazio-epea 15 urtekoa dela, eta haren etorkizuna paper-industriak denbora horretan guztian izan duen garapen onari lotuta dagoela, bezeroa baita esklusiboki.
"Urtean 122.000 tona hondakin zabortegira ez botatzeko balioko du, eta atmosferara urtean 150.000 tona CO2 isurtzea saihestuko da"
Ze jarduera jarri nahi duzue martxan Larramendin?
Instalazioan egingo den jarduera da aipatutako paper-industriako material baztertuak (lohiak eta paper-errefusa) bi sektoretan erabiliko diren eko-industrialak ekoizteko erabiltzea: eraikuntzan eta kimika industrialean. Greenek diseinatutako teknologiari esker egin daiteke hori, termokonbertsio-prozesu jasangarri bat, ekonomia zirkularraren parametroak eta 2030erako horizonte betetzea ahalbidetzen duena.
Inguruko bizilagunek ba al dute kezkatu beharrik instalazioak izan dezakeen inpaktuaz? Ingurumen-aldetik, usain aldetik...
Instalazioaren inpaktu bisualari dagokionez, Udalarekin lanean ari gara alderdi hori minimizatzeko, itxituretan arreta berezia jarriz, eta partzelaren mugetan landaredia jartzea aurreikusten da. Tratatu beharreko materialak ez dira inoiz ikusgai egongo, baizik eta egongo dira pilatzeko propio diseinatutako espazioetan; beraz, ez da usainik sortuko. Planta berriak ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko txosten guztiak izango ditu abian jarri aurretik –une honetan esposizio-fasean dago–.
Ulertzen dudanez, lantegi mota bakarra izango da, aurrekaririk ez duena. Zergatik?
Proiektu bakarra da nazioartean, ekonomia zirkularraren kontzeptua ezartzen baitu paper-prozesaketako gaiak aprobetxatzeko, hainbat sektoretan material jasangarri berriak eta horien forma komertzialak ekoizteko. Azken batean, balorizazio material baten bidez, gaur egun zabortegian edo errausketan amaitzen duten paperaren industriako azpiproduktuak kudeatzeko irtenbide integral, iraunkor eta errentagarri bat bultzatzea da proiektuaren helburua.
"Gaur egun zabortegian edo errausketan amaitzen duten paperaren industriako azpiproduktuak kudeatzeko irtenbide integral, iraunkor eta errentagarri bat bultzatzea da proiektuaren helburua".
Ze eperekin ari zarete lanean?
Aurreikuspenen arabera, obrak 2021eko azaroan hasiko dira, eta instalazioa 2023ko lehen hiruhilekoaren amaieran martxan egongo da.
Ezer gaineratu nahi duzu?
Asmoa da instalazioa hondakinetatik abiatuta ekonomia zirkularreko eredu berriak zabaltzeko eta eratzeko zentro bihurtzea. Horretarako, ikasleen bisitak jasoko ditugu, unibertsitateekin, teknologia-institutuekin eta lanbide-heziketako institutuekin lankidetzan hasiko gara, mota horretako hondakinak balio erantsi handiko produktu bihur daitezkeela eta Europar Batasuneko 2030 Agendak ezartzen dituen parametroak bete ditzaketela jakin dezaten.