ALBISTEAK

Larramendiko jarduera berria "ingurumen berme guztiekin" egingo dela ziurtatu nahi dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ira. 30a, 10:20

Larramendiko industriagunean eraikiko den paper-fabriken hondakinetako azpiproduktuak tratatuko dituen planta berrirako jarraipena egiteko batzordea eratu du Bergarako Udal Gobernuak. Urriaren 4an Elxen (Alacant) enpresak duen egoitzara egingo dute bisita Udaleko ordezkariekin, auzotarrekin eta kimikan aditua den pertsona batekin batera. 

Alacanteko Greene enpresak bat egin zuen "Euskadiko hainbat inbertitzailerekin", eta Valogreene Paper BC sortu dute Bergaran kokatzeko. 20 milioiko inbertsioa egingo dute eta, diotenez, 45 lanpostu sortuko dituzte. Lanak azaroan hasi nahi dituzte, 2023ko lehen hiruhilekoan planta berrian jarduera abiatzeko.

Hirigintza eta ingurumen ikuspegitik ari da Udala gaia aztertzen, ohar bidez adierazi dutenez: "Eskumenak mugatuak izanik ere, Udalak ziurtatu nahi du jarduera hau Larramendin ezartzekotan ingurumen berme guztiekin egiten dela".

Informazioa eskuratzea, "lehentasun"

Horrez gain, adierazi dute informazioa eskuratzea izan dela lehentasuna: "Jarduera berria izanik, eta gaiaz gure inguruan dagoen ezagutza murritza aintzat hartuta, lehentasuna izan da informazio ona eskuratzea, horretarako bide ezberdinak jorratuz. Esaterako, arlo desberdinetako adituekin hitz eginez edota ingurumenean aditua den enpresa baten aholkularitza kontratatuz. Ildo horretan kokatzen da, halaber, urriaren 4an enpresak Elxen (Alacanten) duen egoitzara egingo den bisita". 

Inguruko auzotarrekin hiru bilera egin dituzte gutxienez: "Informazioa eskuratzen joan den neurrian, inguruko auzoetako ordezkariekin partekatzen joan da. Ildo horretan, eta gaiari jarraipena egiteko, batzorde bat eratzea erabaki da".

Plan Orokorrarekin bateragarria

Larramendiko lurrak Jaurlaritzaren SPRI erakundearenak dira eta, hori horrela, Udala hirigintza eta ingurumen arlotik dabil gaiari jarraipena egiten. Hirigintza ikuspegitik, proposatzen den instalazioaren erabilera bateragarria da Plan Orokorrarekin, industria erabilerarako sailkatutako eremuan kokatzen da-eta: "Aurkezten den proiektuak Plan Orokorrak zein berau garatzeko dokumentuek ezarritako baldintzak betetzen baditu, eta Udalak dagokion baimenak eman behar dizkio, egintza arautua da".

Enpresa bat kontratatuko dute, ingurumen ikuspegitik aztertzeko

Ingurumenaren ikuspegitik jarduera baimentzeko erabakiaren eta baimen hori emateko behar diren baldintzak ezartzeko eskumena Eusko Jaurlaritzari dagokio, baina Udal Gobernuak erabaki du gaian aditua den enpresa bat kontratatzeko: "Ingurumen Baimen Bateratua lortzeko aurkeztutako proiektuaren konplexutasun teknikoa aintzat harturik, Udalak erabaki du gaian aditua den enpresa bat kontratatzea proiektua aztertu dezan, eta proiektuaren alderdiren bat hobetu edo moldatu daitekeen edo neurri osagarriren bat eskatu daitekeen esan dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak