Egubakoitz arratsaldean Gijonen bi emakumeen kontra egindako indarkeria matxistaren aurrean adierazpena egin du Bergarako Udaleko talde politikoen izenean Ainhoa Lete alkateordeak. "Emakumeetako bat bergararra izaki, erasoen aurkako protokoloa aktibatu da herrian. Halaber, Bergarako emakumeari eta bere familiari babesa adierazi nahi die Udalak, eta dituzten beharrei erantzuteko konpromisoa hartzen du, haiek hala nahi badute", azaldu du Bergarako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak ohar baten bidez.
"Gijonen gertatutako azken eraso honek, bi elementu ditu erasoa are larriago bihurtzen dutenak: ustez lau erasotzaileek erabili duten indarkeria eta taldearen babesean egin izana", gaineratu du alkateordeak. "Bergarako Udalak pertsonen berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera gonbidatzen ditu", gaineratu du Letek.
Gainera, Bergarako Udalak "eraso horiek gaitzesteko ekintzak bere egiten ditu eta bergarar guztiak deitzen ditu bertan parte hartzera".
Aldundiak ere salatu egin du
Foru Aldundiak ere bere egin du Bergarako Udaleko batzordeak onartutako adierazpena. Hona hemen sare sozialen bidez zabaldutako mezua: "Aldundiak bere egiten du Bergarako Udaleko bozeramaile batzordeak onartutako adierazpena, eta indar guztiarekin salatu eta arbuiatzen du bortizkeria matxista kasu hau. Gipuzkoako herritarrok ez dugu emakumeen eskubideen eta askatasunaren aurkako jarrerarik onartzen".