Asturiasko komunikabideek gaur argitaratuko informazioan jasotzen denez, 22 eta 23 urteko emakumeak sare sozialen bidez jarri ziren harremanetan gizonezkoetako batekin. Emakumeek ondoren aurkeztutako denuntzian salatu dutenez, Gijongo taberna baten elkartu ostean proposamena egin zien gizonezkoak hotel batera joateko eta bidean beste batekin elkartu ondoren, hoteleko logelan beste bi gizon zituzten zain. Hoteleko logelan fisikoki erasotu eta harreman sexualak izatera behar zituzten lau gizonezkoek.
Krisi zentroan artatuak
Sexu erasoak jasaten dituzten biktimendako krisi zentroan artatu dituzte bi emakumeak. Atzoko egunean Espainiako Polizia zientifikoa erasoarekin lotuta ustezko frogak batzen ibili zen eta aurreikusten da lau atxilotuak astelehenean igaroko direla epailearen aurretik.
Elkarretaratzea bihar, Martxanterek deituta
Bergarako Martxanterak talde feministak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar San Martin plazan (19:00). Honako mezu hau zabaldu dute, deialdia egitearekin batera: "Berriki jaso dugun albistea baloratzen eta aztertzen ari gara. Irmoki salatu nahi ditugu Gijonen gertaturiko erasoak. Komunikabideei tentuz eta dagokion ikuspegi feminista kontuan izanez kontatzea eskatzen dizuegu".
Martxanterek elkarretaratzea deitu dute biharko, uztailak 26, San Martin plazan (19:00)
Bergarako Udala: bilera eta elkarretaratzerako deia
Bergarako Udal Gobernuak ohar bidez jakinarazi berri duenez, arratsaldeko seietarako bozeramaleen batzordea deitu du Gorka Artola alkateak: "Asteburuan bi emakume eraso ditu gizon talde batek Gijonen. Emakumeetako bat Bergarakoa da. Gertaeraren aurrean, indarkeria matxista kasuetarako ezarritako protokoloa aktibatu da. Gaur, uztailak 25, 18:00etan Udaleko bozeramaleen batzordea batzartzeko deialdia egin du Gorka Artola Alkateak". Protokoloari jarraituz Bergarako Udalak herritarrak erasoa salatzeko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu.