Hilaren 29ko mobilizazioan parte hartzeko dei egin dute bergararrek

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 17a, 15:42

Maiatzaren 29an, Pentsiodunen Mugimenduak deituta, manifestazioak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, pentsio publiko "duinak" eta "bidezkoak" eskatzeko. Egun batzuk aurretik, baina, pentsiodunen bizikleta martxa igaroko da bailaratik.

Gipuzkoako pentsiodunek bizikleta martxa antolatu dute eta maiatzaren 24an abiatuko da Errenterian. Ondoren, bailaratik bi egunetan igaro ostean, 29an bukatuko da Donostian, gainerako hiriburuetan egingo diren mobilizazioekin bat eginez. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo dira manifestazio nagusiak, 17:00etan, eta Bergarako pentsiodunek parte hartzeko dei egin dute gaurko elkarretaratzean. Gainera, azaldu dute autobusak antolatuko dituztela herri guztietan, mobilizazioan parte hartzeko.

"Onartezina da hiru urteko mobilizazioekin lortutakoa arriskuan egotea, eta pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko urrats irmorik ez ematea", salatu dute bergararrek. Hala, eragile sozial, sindikal eta norbanakoak deitu dituzte bi aste barru egingo den protestara. "Pentsioak murrizten ari diren erreformek bere horretan jarraitzen dute, eta murrizketa berriei ateak irekitzen dizkiete", gehitu dute.

Bizikleta martxa, Bergaratik

Itziar Usandizaga Bergarako bozeramaileak azaldu du "originala eta ausarta" dela Gipuzkoako Pentsiodunek egingo duten ekimena; bizikleta martxa, alegia. Maiatzaren 26an, ailegatuko da Debagoienera, Oñatira, eta hainbat herri zeharkatu ostean, Bergaran amaituko da, 18:00etan. Gainera, hurrengo egunean, hilaren 27an, Bergaratik bertatik abiatuko da martxa 9:00etan, eta Osintxutik Soraluzerako bidea hartuko dute pentsiodunek.

Usandizagak azaldu duenez, helburua jendartean eragitea da: "Propaganda eginez, herritarrek kontzientzia hartzea da asmoa, eta bide batez, erakutsi nahi dugu arazo hau ez dela pentsiodunena bakarrik; herritar guztiena eta atzetik datozenena ere badela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak