Terrazen eta Wolfratex auziaren gaineko eztabaida protagonista, Elena Leteren dimisioarekin batera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 30a, 15:37

Terrazak eta otsailean Sortuk Wolfratex enpresaren gainean egindako adierazpenen bueltan sortu zen eztabaida gehien martxoko ohiko osoko bilkuran. Horrez gain, atzora arte EAJko bozeramaile zen Elena Leteren dimisioa ere izan zen protagonista. Maite Agirre izango da EAJren bozeramaile berria eta Martin Etxaniz sartuko da zinegotzi moduan apirileko bilkuran. 

"Arrazoi pertsonalak " direla medio esan dio agur Elena Letek politikako lehen lerroari, eta esker on hitzak izan zituen agurrean: "Familiak une honetan beste behar batzuk dauzka eta behar horiek asetzeko denbora gehiago behar dut euren ondoan. Nire konpromisoa luzea izan da, eta bereziki bizia, inplikazio handikoa. Ondoan izan dudan taldea langilea, inplikazio handikoa eta ekintzailea izan da, eta horrek asko erraztu du nire lana; hartu ditudan erabakietan beti izan ditut ondoan [...]. Bizita eta lana bat izan dira azken bost urteotan; udal teknikariekin eta gainerako talde politikoekin harremanak sortu dira eta hori aberasgarria izan da; eskerrak adierazi nahi dizkiet horiei ere".

Era berean, Gorka Artola alkateak eta alderdi sozialistako bozeramaile Alberto Alonsok ere eskertu zuten Leteren lana. "Udalean ari garenok badakigu ze eskatzen duen. Nolabait esateko, bizitza pertsonalean sakrifizioa suposatzen du; zentzu horretan, egindako lana eskertu beharrean gaude. Gauzak ezberdin ikusita ere, herriarekiko konpromisoak ekarri zuen Elena hona eta gaur beste konpromiso batzuk irtenarazi dute; horregatik, esker ona adierazi besterik ezin dugu egin", esan zuen Artolak.

Leteren "pasioa" ere aipatu zuen Alonsok: "Pertsona bat politikara hurbiltzen denean albo batera utzi beharko ditu pertsonalak eta familiarrak diren hainbat konpromiso, eta hori baloratzekoa da [...] Eztabaidatzerakoan jartzen zuen pasioak erakusten du ez zela parte hartzen duenetakoa bakarrik, inplikatzen den horietakoa baizik".

Terrazen gaineko lanketa

Eztabaida politikoan, terrazen ordenantzak protagonismoa hartu zuen beste behin. EAJ kezkatuta dago herriko ostalarien egoerarekin Bergarako terrazetan ez delako apenas aldaketarik ikusten, eta beste herri batzuetako adibideak aipatu zituzten. Jeltzaleek diote Udal Gobernuak ez duela pandemiak behartzen duen terrazen aldaketa sustatu. "Eibarren, Legazpin, Arrasaten... herri horietan udalek parte hartu dute terrazen egokitzapenetan. Bergarako Udala berandu dabil, argi eta garbi. Bergarako kaleetan ez da terrazetan aldaketarik eman apenas. Partaidetzari dagokionez, gainera, saiakera bat izan da gurekin hitz egiteko baina ez dituzte gure ekarpenak aintzat hartu. Uste dugu ez dela nahikoa egin dutena, oso lanketa ahula izan da", esan zuen EAJko Maite Agirrek.

Udal Gobernuak, aldiz, argi dauka terrazen ordenantza  berritu beharra dagoela eta behin betiko ordenantza heldu aurretik behin behineko araudia zehaztu du, diotenez, tabernariek malgutasuna izan dezaten. Gobernuak dio hasieratik elkartu direla tabernariekin, eta terrazak banan-banan aztertu dituztela. "Ostalaritzaren beharrei erantzuten ari gara. Igual ez da lanketa hori kalean ikusi oraindik baina ostalaritzarekin lanean ari gara; ahalik eta erantzun onena ematen saiatuko gara, betiere interes kolektiboaren alde lanean", adierazi zuen EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik.

Wolfratex auzia

Bestalde, Sortuk otsailean Wolfratex eta herriko beste enpresa batzuetako kaleratzeak salatzeko egindako adierazpenak gaitzesteko mozioa aurkeztu zuen EAJk, herriko ostalari, komertzio eta enpresei babesa adieraztearekin batera. Sortuko Ibai Redondok ere hartu zuen hitza bilkuran eta Wolfratexek Jaurlaritzaren diru-laguntza zuzenak jaso zituela esan izana akatsa izan zela onartu arren, Bergaran eta inguruko herrietan "egunak joan egunak etorri" enpresak ixten ari direla gogora ekarri zuen eta esan zuen espero dutela Bergaran kaleratutako langileak berriz kontratatzea. Udal Gobernuak beste mozio bat aurkeztu zuen EAJkoaren aurrean, "herriko enpresekiko eta langileekiko konpromisoa" berresten duena; azken mozio hori izan zen udalbatzak onartu zuena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak