Bergarako Sortu: "Langileen kaleratzeen aurrean, gure eskubideen alde borrokatuko gara"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 18a, 16:47

Zuber-eko langileen elkarretaratzea.

Bergarako Sortuk ohar bidez salatu du Bergaran azkenaldian ematen ari diren langileen kanporatzeak eta Zuber, Betiko eta Wolfratex enpresak jarri dituzte adibide moduan. "Pandemiaren ostean krisi ekonomikoa gogor dator eta kapitalak beti bezala langileon bizkar utzi nahi du krisiaren pisua", gaineratu dute.

Sortuk jakinarazi duenez, Industrias Betiko eta Zuber-en greba ezberdinak egin dituzte euren lanpostuen defentsan eta Wolfratex-en 30 langile kaleratuak izan dira. "Wolfratex -en kasuan, gainera, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea eta laguntza izan duen proiektuarekin egin dutena ere salagarria iruditzen zaigu. Zabaltzeko orduan izan zuen oihartzun mediatikoa eta gero sei hilabete iraun du bakarrik proiektuak. Salagarria da baita ere Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Osakidetzak ere ez dituela bertan egindako maskarak erosten, kanpotik ekarrita merkeagoak direla esanaz. Non gelditzen dira Basque Country, auzolana, bertan erosi... bezalako hitzak? Gainera oraindik salagarriagoa iruditzen zaigu izan duen diru publikoaren erabilera, gaseosa efektua bezala amaitu dena inori azalpenik eman gabe. Wolfratex kapitalismo basatiaren adibide bilakatu da, instituzio publikoen –kasu honetan, Jaurlaritza– laguntzarekin pelotazo bat jo, langileak baldintza kaskarretan lan egin, dirua egin eta langileak kale gorrian utzi".

Industriarako lurzoruaren prezioa, "oso garesti"

Horrez gain, EAJri egozten dio Sortuk hainbat enpresa Bergaratik irten izana: "Azken urteotan hainbat izan dira Bergaratik, inguruko herrietara alde egin duten enpresak, Bergaran industriarako lur zoruen prezioa oso garesti duelako SPRIk (Lur zoru industrialak kudeatzeko Jaurlaritzaren enpresa), inguruko herrietan baino dezente garestiago".

Horrez gain, Bergarako "beste langile pila bat" ERTEan daudela eta lan baldintzak okertu zaizkiela diote, eta baita herriko komertzio eta taberna batzuk ere ixteko zorian daudela ere. "Pandemiaren ostean krisi ekonomikoa gogor dator eta kapitalak beti bezala langileon bizkar utzi nahi du krisiaren pisua. Kapitalaren asmoa aberatsak gehiago aberastea da langileon eskubideak gehiago makurraraziz. Horren aurrean indarrak batu eta gure eskubideen alde borrokatuko gara. Kapitalaren aurrean gu herriarekin!", azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak