Wolfratexen kasuan, gainera, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea eta laguntza izan duen proiektuarekin egin dutena bereziki salagarria iruditzen zaigu. Zabaltzeko orduan, Arantxa Tapia buru duen Jaurlaritza argazki guztietan ikusi genuen, lehen lerroan, irekierari oihartzun mediatikoa emanez eta medailak jarriz. Sei hilabete besterik ez du iraun proiektuak, albiste txarrak agertu direnean Jaurlaritza desagertu egin da. Salagarria da, baita ere, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Osakidetzak ez dituela bertan egindako musukoak erosten, kanpotik ekarrita merkeagoak direla esanaz. Non gelditzen dira Basque Country, auzolana, bertan erosi eta halako hitzak? Diru publikoa proiektu pribatuetarako erabili eta gaseosa-efektua bezala amaitu da, inori azalpenik eman gabe. Wolfratex kapitalismo basatiaren adibide bilakatu da, Instituzio publikoen –Jaurlaritza– laguntzarekin pelotazo bat jo, langileak baldintza kaxkarretan eduki –lau errelebotan soldata oso baxuak kobratuz–, dirua egin eta langileak kale gorrian utzi. Langileak ezin dira klinex bat bezala erabili.
Gainera, PNVren eta Jaurlaritzaren ardurak ez dira hemen amaitzen. Azken urteotan hainbat izan dira Bergaratik inguruko herrietara alde egin duten enpresak, Bergaran industriarako lurzoruen prezioa oso garesti duelako Sprik –lurzoru industrialen kudeaketaz arduratzen den Jaurlaritzaren enpresa–.
Honetaz gain, Bergarako beste langile pila bat ERTEan daude, lan baldintzak okertu zaizkie, herriko komertzio eta taberna batzuk ere ixteko zorian daude... Pandemiaren ostean krisi ekonomikoa gogor dator eta kapitalak, beti bezala, langileon bizkar utzi nahi du krisiaren pisua.
Kapitalaren asmoa aberatsak gehiago aberastea da, langileon eskubideak gehiago makurraraziz. Horren aurrean, indarrak batu eta gure eskubideen alde borrokatuko gara. Kapitalaren aurrean, gu herriarekin!
----------
Ibon Leibar
Bergarako Sorturen izenean
Bergara