Bergarako Sortuk egindako "adierazpen faltsuak" argitu nahi izan ditu Wolfratexek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 25a, 16:47

Bergarako Sortuk joan den astean kaleratutako oharrean "adierazpen faltsuak" zeudela-eta oharra atera du  Wolfratex enpresak: "Kezkagarria da aurreko astekoen moduko adierazpenek duten eragina. Min handia egiteaz gain, konfiantza falta handia sortzen dute ekintzaile edo inbertsore berriengan iniziatiba enpresarialak gure herrian garatzeko". 

Bereziki lau puntu argitu nahi izan ditu Wolfratex enpresak. Batetik, bere jarduerarekin jarraitzen duela diote: "Wolfratex ez da itxi. Bere jarduerak indarrean jarraitzen du. Tamalez eta gure eskuetatik kanpo dagoen merkatuan, asiar jatorriko produktu gehiegi dago, eta ekoizle horien aurka lehiakor izateko zailtasunak medio salmentak jaitsi zaizkigu eta ondorioz gure produkzio ahalmena doitu beharra izan dugu, horretarako hainbat langileen kontratuak eten egin behar izan ditugularik. Dena dela; egoera honi buelta eman eta gure jarduerarekin jarraitu ahal izateko akzio komertzial eta inbertsio desberdinak onartu ditugu".

Bigarrenik, diote langileen baldintzak egokiak izan direla: "Wolfratexeko langile guztiak dagokigun ehungintzako lan hitzarmenak ezartzen dituen baldintzetatik gora egon dira. Datuei erreparatuz, lan hitzarmenak markatzen duena baino %38 gehiago ordaindu dugu".

Hirugarrenik, argitu dute ez dutela diru-laguntzarik jaso: "Wolfratexek ez du administrazio publikoaren diru-laguntza edo subentziorik jaso, eta ondorioz aurrera eraman diren inbertsio guztiak bazkideen poltsiko eta banketxeei eskatutako eta oraindik ordaintzeke ditugun kredituetatik atera dira.

Laugarrenik, azaldu dute Wolfratexen ez dela dibidendurik banatu.

"Lanean jarraituko dugu"

Oharraren amaieran enpresako arduradunek gogora ekarri nahi izan dute Wolfratexek herriarekiko izan duen jarrera: "Herrian lanpostuak sortuaz eta baita herriko autonomo eta enpresa txiki askori lana emanez; alde batetik, lehengaia bertan erosiaz eta, bestetik, gure inbertsio guztiak horiek kontratatuta eginaz. Aipatzekoa da zazpi hilabete hauetan eginiko inbertsio guzti hauek bi milioi euro eta erdiko zenbatekoa batzen dutela".

Horrez gain, lanean jarraitzeko borondatea dutela diote: "Egi hauek guztiak argi utzi eta gero, Wolfratex-en gure lanetan jarraituko dugu, herrian inbertituz, ahal den neurrian lanpostuak sortuz eta guztion bizi kalitatea hobetzeko helburua duten ekimenak sustatuz". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak