Elena Lete: "Zaila izan da dimititzea, konpromiso bat nuelako"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 27a, 10:12

Elena Lete, Arrasaten –bertan egiten du lan–, eguazten arratsaldean.

2016tik 2019ra alkate eta ordutik oposizioko buru izan den Elena Letek (Bergara, 1965) "arrazoi pertsonalak" argudiatu ditu kargua uzteko: "Ez da galerarik egongo, esku onetan uzten dut nire lekua". Zer hobetu egon dela aitortu arren harro dago egindakoaz, eta esker on hitzak ditu EAJrentzat, Udaleko langileentzat eta Bergarako herriarentzat. 

Zergatik erabaki duzu dimititzea?

Topikoa dirudi, baina pertsonalak dira motibo nagusiak. Nire familiak dedikazio berezia eta osagarria eskatzen dit eta bateraezina da gaur egun Udalean dudan zinegotzi karguarekin. Horrez gain, EAJ barruan kide berri bat sartzea ona izango da. Ez da galerarik izango taldean; alderantziz, haize freskoa eta ideia berriak ondo etorriko dira. Esku onetan uzten dut kargua.

Nor izango da zinegotzi berria?

Martin Etxaniz izango da. Ekonomia munduan ibilbide profesional oparoa eta ezagutza handia duena. Gaitasun handiak dituela uste dut Bergararen alde lan egiteko. Oposizioan daroagun urte eta erdi honetan, gainera, sustapen batzordean parte hartu du, eta, beraz, ezagutzen du apur bat Udalaren funtzionamendua. Zaila izan da erabakia hartzea? Bai. Azken sei hilabeteetan okerrera egin du nire egoera pertsonalak, eta eusten ibili naiz. Zaila da erabakia hartzea, askotan esan dudan moduan, konpromiso bat nuelako Bergararen alde lan egiteko; konpromiso horiek ahalik eta ondoen betetzen saiatu naiz urte hauetan. Pertsonalki zaila izan da kargu hau uztea, lan oso aberasgarria eta oparoa delako.

2016ko urtarrilean alkate kargua hartzeko erabakia zaila izan zen?

EAJren zerrendan nindoan, eta, momentuan bertan proposamena ez espero arren, erantzukizunagatik besterik ez bada, baiezkoa eman nuen. Banuen beldurra eta banituen hainbat zalantza, baina argi nuen pausoa eman behar nuela. Orain, gehiago kostatu zait, hartutako konpromiso bati uko egitea delako. Baina lasai ere banoa, talde ona dagoelako atzetik.

Eta nolako esperientzia izan da zure herriko alkate izatea?

Ona. Askotan esan izan dut munduko lanik politena dela, eta, seguruenik, gogorrena ere izango da. Dedikazio handia eskatzen du eta ia dena lehen pertsonan bizitzen da, eta horregatik gogorra eta sutsua da. Baina, bestetik, izugarri asetzen duen lana da. Harro nago bere garaian emandako pausoaz eta gerora egindako lanaz. Noski, badira hobetu edota beste era batera egingo nituzkeen gauzak, baina hori bera da bizitza...

Zein izan zen unerik gogorrena?

Boluko lur-jausia, zalantza barik. Oso une gogorra izan zen eta egoera zail bat kudeatu behar izan genuen. Uste dut ondo egin geniola aurre, eta malda egonkortzeko proiektu oso bat prest utzi genuen, nahiz eta orain bertan lozorroan dagoen.

Eta unerik edo lorpenik gozoena?

Bat baino gehiago egongo dira, baina oso pozgarria izan zen Pauso Berriak programari esker Markel Barrocal moduko pertsona bat Udalerako lanean jartzea; oso une polita izan zen hori. Gero, gauzatutako proiektuen artean, Boluko frontoia estali izana pozgarria izan zen, eta baita, nola ez, Seminarixoa martxan jarri izana. Urte eta erdiko lan mardula behar izan genuen aretoa martxan jartzeko; egindako lana hor geratzen da.

Seminarioko parkingerako ere lanean sendo ibili zineten, baina ez da gauzatu. Arantza geratu zaizu?

Bai. Lan eta dedikazio handia ekarri zigun, sinistuta geundelako parking hori beharrezkoa zela Bergararentzat. Proiektua oso aurreratuta utzi genuen eta espero genuen gauzatuko zela. Pena handiarekin geratzen naiz.

"Boluko lur-jausia izan zen kudeatu beharreko egoera zailena; ondo egin genion aurre".

2019an alkategai aurkeztu zinen, baina ez zenuen helburua lortu. Kolpe gogorra izan zen?

Penaz hartu genuen, hainbat proiektu interesgarriren jarraipena etetea ekarri zuelako. Jarraipenik gabeko proiektu adierazgarriena parkingarena izan zen, baina agintaldi osorako plan zehatz bat genuen ezin izan duguna bete; ilusio handia genuen jarrita agintaldi honetan. Oposizioan ere ilusioz aritu gara.

Zelan oposizioan? Eragin daiteke?

Hasieratik esan genuen oposizioan ere gure programa garatzeko egingo genuela lan. Horretarako ahalegina egin dugu, eta ahalegin horretan jarraituko dute. Egia dena da udal antolaketa berriarekin oposizioaren jarduna oso mugatua dela. Hiru batzorde bakarrik daude egun eta bistakoa da galerak egon direla, maiztasuna galdu delako edota teknikari batzuk egoten ez direlako. Batzordeak dira Gobernuaren eta oposizioaren elkarlanerako foroak eta egitura honekin izugarri zailtzen da elkarlan hori.

Beti izan duzu EAJren babesa?

Bai, eta esker ona adierazi nahi dut. Jaurlaritzan departamentu bateko zuzendari, Udal Gobernuko zinegotzi, alkate edo oposizioko kide izan, beti izan dut alderdiaren babesa. EAJrendako eta azken urteetan ondoan izan dudan taldearendako esker on hitzak besterik ez daukat. Talde-lanean oinarritu da nire jarduna, eta oso talde langilea eta ekintzailea izan dut ondoan.

Bizitzaren fase berri bati ekingo diozu orain. Nola irudikatzen duzu?

Familiak denbora osagarria behar du eta espero dut aukera izatea etxekoei denbora hori dedikatzeko. Hori bai, Arrasateko Udaleko jarraituko dut lanean.

Birusak gogor astindu du zurean?

Beste etxe askotan moduan, oso gogorra izan da gurean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak