"Akuarela erakusketa bat baino askoz gehiago" da maiatzaren 30era arte Laboratorium museoan ikusgai dagoen 30 emakume ahaztezin erakusketa. Hala zehaztu du Laboratorium museoko zuzendari Rosa Errazkinek gaur eguerdian egindako prentsa agerraldian. Bertan izan dira Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Gorka Artola alkatea eta Ainhoa Lete Bergarako Udaleko Berdintasun zinegotzia.
Euskal Herriko historian esanguratsuak izan ziren 30 emakumeren erretratuak eta biografiak laburra batzen ditu erakusketak. Askotariko profilak dituzte emakume horiek: zientzialariak, musikariak, margolariak, bertsolariak... Erakusketa ibiltaria izatea aurreikusten dute. Orain arte, Bilbon egon da ikusgai, eta, Bergaratik pasa ostean, EAEko gainerako hiriburuetan gozagai egotea espero dute. Akuarelak soilik ez, antzinako elementu historikoak eta Lan eta lan, emakumea Bergaran ikusentzunezko pieza ere bertan daude ikusgai.
Erakusketan eremu publikoan aritu diren 30 emakume omentzen dituen arren, helburua hain ezagunak ez direnak ere gogora ekartzea dela zehaztu du Landaidak: "Hain ikusgarriak eta hain publikoak ez diren bestelako lanetan aritu direnak ere omendu nahi dira. Gure gizarterako guztiz beharrezkoak eta funtsezkoak diren lanak egin dituztelako eta ez dutelako jaso merezi zuten aitortza publikorik". Erakusketaren aurkezpenean, eta Emakumearen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, azpimarra jarri nahi izan du Gorka Artola alkateak ere: "Balioa eman nahi diogu emakumeek egunero egiten duten lan ikusgaitz guztiari".
Erakusketa herritar guztiei zabaldu nahi izan diete, baina fokua bereziki jarri nahi izan dute gaztetxoenengan. Maiatza bitarteko tarte honetan gaia lantzeko ikastetxeekin egingo dituzte lanketak.