Gabonetan aurreikusten den "okertze larria" ekiditeko deia Bergarako udalbatzatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko abe. 22a, 16:11

Adostasun politikoa izan zen nagusi atzo Bergarako udalbatzan, ordu erdi iraun zuen 2020ko azken osoko bilkuran. Pandemiari begira Gabonetan agintariek aurreikusten duten "okertze larria" ekiditeko deia egin zuen udalbatzak, bereziki herritarrei erantzukizuna eskatuz eta erakundeei lankidetza hobetzeko. Bestalde, Agorrosin Berrirako hitzarmen berria aho batez onartu zuten.

Bozeramaile batzordean landu zen COVID-19ak eragindako egoeraren inguruan adierazpena onartu zuten eta bertan, besteak beste, bergararrei eskatzen zaie ate joka ditugun Gabonetan ere zorrotz errespetatzeko orain arte emandako jarraibideak. Maskara erabiltzeak, distantzia gordetzeak eta sei lagun gutxiagoko taldetan aritzeak gertukoenen heriotza saihestea dakarrela nabarmendu zuten talde politiko guztiek.

Agorrosin Berria aho batez, baina EAJren kritikarekin

Bozketan adostasuna izan zuen beste gaietako bat izan zen Agorrosin Berrirako Bergara Kirol Elkarteko futbol sailarekin adostutako hitzarmena berritzearena. Aho batez onartu zen pandemiak eragindako egoera egokitutako akordio berria baina EAJk uste du Udla Gobernuak “urrezko hilabete batzuk” galdu dituela. Gobernua ez dago ados baieztapen horrekin. 

EAJk kezka azaldu zuen azokagatik

Amaitzeko, galderen eta eskaeren tartean EAJko Elena Letek kezka azaldu zuen Oxirondo azokagatik. Azaldu zuen  Gabonetan jende gehiago hurbildu ohi denez azokara azken egunotan pilaketak izan direla, ilarak ez direla modu ordenatuan egiten eta hidrogela ez dela bermatzen. Gorka Artola alkateak erantzun zion esanez azokaren egoera berraztertuko dutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak