Elena Lete: "Udal Gobernuaren dokumentua ez da zuzena, ez da zintzoa eta ez da gardena"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko aza. 28a, 11:11

Bergarako EAJk salatu du Bergarako Udal Gobernuak Covid-19ari aurre egiteko aurkeztu duen plan integralak ez dituela bergararren beharrak asetzen. Gaineratu dute "zehaztasun eta lanketarik gabeko" dokumentua dela, eta ez dituztela oposizioaren proposamenak kontuan hartu.

Bergarako EAJk berretsi du ez zaiela "zilegi" iruditzen Udal Gobernuak osasun egoerari aurre egiteko aurkeztu duen plan integrala. "Plan integralaren berri eman zutenean nabarmendu genuen hainbat gabezia eta hutsune zituela. Bestalde, astean publikatu duten aldizkaritxoan argi utzi dute bi gauza; batetik, oposizioak ez duela udalean lanketarako tokirik; eta, bestetik, EH Bilduk ez duela autokritikarako gaitasunik", azaldu du EAJko zinegotzi Elena Letek.

Nabarmendu dute: "Udal Gobernuak dio pandemiari aurre egiteko 2.188.000 euro bideratuko dituztela guztira, baina COVID-19ak utzitako osasun larrialdira aurrekontu horren %29,6 bakarrik bideratuko dute, eta gainontzekoa 2020ko aurrekontuan aurreikusitako gastuetan bideratuko dute. Aurkeztutakoa ez da plan integral bat baizik eta urte amaierara arte garatuko dituzten ekintzen nahi bat". Aurkeztutako dokumentua ez dela zuzena, ez dela zintzoa eta ez dela gardena gaineratu du Letek, eta bergararren beharrak ez direla kontuan hartu.

Ekarpenak

Urriaren 19an EH Bilduri hainbat ekarpen egin zizkietela gehitu du Letek: "Hirugarren adinari, familia zaurgarriei, haurrei, langabetuei, ostalaritza, kultura, kirola, komertzio autonomo txiki eta ertain... bideratutako hainbat lan ildo aurkeztu genituen. Oraindik ez dugu Gobernuaren erantzunik jaso eta are gehiago, EH Bilduk bere kabuz eta oposizioaren proposamenak kontuan izan barik dokumentu bat banatu du herriko etxe guztietan".

Bergarako EAJrentzat ulertezina da EH Bilduren jarrera: "Bergarako EAJk argi dauka Gobernua noraezean dabilela, eta horren ondorioa da EAJren laguntza ukatzeko arrazoia".

Ortu komunitarioak egiteko 140.000 euro

"Osasun egoerari aurre egiteko Udal Gobernuak 140.000 euro bideratuko ditu ortu komunitarioak egiteko. Gure ustez bergararrok baditugu lehentasun eta behar handiagoak; esaterako, ostalaritza, dendariak, langabetuak... Bestalde, 2020ko aurrekontuetan bazegoen partida zehatz bat ortuei bideratutakoa", azaldu du Letek prentsaurrekoan.

EAJko zinegotzi Maite Agirrek, Elena Letek eta Lander Arregik "hipokrisia eta erabilera politikoa baztertu" eta "elkarlanerako garaia" dela aldarrikatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak