Pandemiak eragindako larrialdi egoeran sortutako premietatik eta oinarrizko beharretatik hasi eta testuinguru berrira, kudeaketa goitik behera egokitu behar izan du Udalak. Udal Gobernua maiatza ezkero ari da COVID-19ari aurre egiteko plan integrala garatzen, eta eguazten iluntzean egin zuten aurkezpena. Hiru ardatz nagusi ditu: COVID-19ak eragindako larrialdi egoeraren eragina txikitzea, sektore zaurgarrienak lehenestea eta ekonomia suspertzen laguntzea.
Martxotik gaur egunera hartutako neurrietarako eta aurrera begirakoetarako 2.188.000 euroko inbertsioa egin du Udalak, Gobernuaren arabera. Aurrera begirako ekimenetarako eta lanetarako 1.095.352 euro bideratuko dira. Adibidez, zaurgarrienei oinarrizko elikadura bermatzeko laguntzetan 60.680 euro gastatuko dira; herriko merkataritza biziberritzera 54.000 euro bideratuko dituzte –bonuen kanpainaz harago–; turismo plana idazteko 30.000 euro; eta kaleko zein eraikinen desinfekziorako 65.729 euro inbertituko dira.
Bonu berrien baldintzen berri azaroaren 13an emango dute
Askotariko neurriak iragarri dituzte, neurri sozioekonomikoei, kultura eta aisialdikoei eta eremu publikoaren erabilgarritasunari dagozkienak. Besteak beste, merkatariendako bonu berriak aterako dituzte eta gaur egingo dituzte publiko baldintza guztiak. "Dena gertu" dute bonu berrietarako, baina eguaztenean ez zituzten xehetasunak eman nahi izan, besteak beste, merkatari guztiek lehenago plataformarekin bat egitea nahi dutelako. Bonuen kanpaina berrirako 120.000 euro bideratuko dira.
Ostalariei laguntzeko "borondate irmoa"
Beste sektore kaltetuenetako bat da ostalaritzarena. Udal Gobernua "oso kezkatuta" dago sektore horren egoerarekin, eta, oraindik neurririk zehaztu ez badute ere, "borondate irmoa" erakutsi dute ostalariei laguntza gehigarriren bat emateko. Martitzenean bildu ziren eratu berri den ostalarien elkartearekin, Sustapen Ekonomikorako zinegotzi Ainhoa Letek azaldu zuenez: "Lehen itxialdian tasetan hobari nabarmenak izan zituzten herriko ostalariek eta logikak diosku jarduera etetera derrigortuta dauden bitartean tasok ez kobratzea. Hala ere, laguntza gehigarriren eman nahiko genieke epe motz edo ertainean".
Leteren arabera, Bergararentzat ere "oso sektore garrantzitsua" delako ostalariena: "Lehen itxialdia gogorra izan zen, uda nola edo hala igaro dute, baina bigarrenez ixtera behartuta egoteak asko konplikatzen die egoera; martitzenean egindako bileran, feedback oso kezkagarria jaso genuen euren partetik". Datorren astean berriro batzartuko dira.
Arrizuriaga eta Miguel Altuna zaharra
Bestalde, eremu publikoek behar berriei erantzuteko erabilgarri jarri ahal izateko behar diren egokitzapenak egiteko 300.000 euro bideratzea aurreikusten dute. "Ikusi da pandemia sasoian aire libreko eremu publikoak modu egokian erabili ahal izateak nolako onurak ekarri ditzakeen, eta ikusten genuen behar-beharrezkoa zela uneotan erabilgarri ez ditugun eremu batzuk erabiltzeko moduan jartzea; adibidez, Arrizuriagako parkea edo Miguel Altuna zaharra martxan jarri nahi ditugu lehenbailehen. Ikusiko dugu 300.000 euroko partida horrek noraino ematen digun", zehaztu zuen Gorka Artola alkateak.
Kultura eskaintza, "beharrezkoa"
Horrez gain, kultura arloari bultzada ematea ezinbesteko ikusten dute, betiere neurri guztiak zorrotz beteta: "Kultura kontsumitu ahal izateko aukera ematea beharrezko ikusten dugu herria bizirik mantentzeko". Eta Agorrosingo kirol eskaintza asko murriztu bada ere azken asteotan, herritarrendako alternatiba batzuk eskaintzea badute lehentasunen artean. Kultura eta kirola pandemiara egokitzeko 150.000 euro bideratuko dituzte.
Plana dokumentu "dinamikoa" dela azpimarratu dute, egungo testuinguru ezegonkorrak eskatzen duen erakoa, eta beharrak sortu ahala haiei erantzuteko moldatuko dena.