Digitalizazioan jarriko dute fokua aurtengo ZTB jardunaldietako ekintzek

Jone Olabarria 2020ko urr. 22a, 17:13

Urriaren 29an emango diete hasiera ofiziala 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldiei. Aurten, zazpi hitzaldi, ikastaro bat, barnetegi teknologikoa eta 'scape room'-a antolatu dituzte, besteak beste. Online jarraitu ahalko dira ekintzak.

Bergarako Udalak, eragile ez-berdinekin batera, zientzia eta berrikuntza jardunaldi "aberatsak" antolatu nahi izan ditu aurten ere. Hain zuzen, eguaz-tenean egin zuten prentsaurre-koan zehaztutakoaren arabera, "teknologia, zientzia eta berrikuntza esparru guztietara gizarteratu eta sustatzea" dute helburu jardunaldiok.

Hala, urriaren 14tik azaroaren 26ra, publiko eta sektore guztietara zuzendutako hitzaldiak, lehiaketak, tailerrak eta erakusketak izango dira udalerriko hainbat lekutan. Dena den, hitzaldietarako edukiera mugatua denez, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, 943 76 90 03 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus helbidera mezua bidalita.

Online jarraitzeko aukera

Bergarako Udalak eta jardunaldietan parte hartzen duten eragileek, hala nola Enpresarek eta Laboratorium museoak be-rak, "orain inoiz baino gehiago digitalizazioa bidelagun hartzea" proposatu nahi izan diote gizarteari: "Hasieran, aurtengo jardunaldiek Landareen Osasunaren Nazioarteko Urtearekin lotuta joan behar zuten, eta hala hasi ginen lanean, baina COVID-19ak hasierako asmoak bertan behera utzi zituen". Hala, hitzaldi eta ekintza guztiak online jarraitu ahalko dira, ztbergara.eus webgunearen bitartez.

'Scape room'-a, nobedade

Antolatutako zazpi hitzaldi eta ikastaroez gain, baditu hainbat nobedade aurtengo edizioak. Hala, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroak scape room teknologikoa hartuko du azaroaren 11n, eguaztena. Ekintza 10-16 urte bitarteko gaztetxoendako prestatu dute eta 30 minutu iraungo du. Bost pertsonako taldeetan baturik, gehienez, proba ezberdinak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. Euskaraz egingo dute, 16:00etatik 19:00etara, eta parte hartzeko lhl@maltuna.eus-en eman behar da izena, edota 943 89 92 73 telefonoan.

Wolfram Encounterrik ez

Bestalde, aurten ez da Wolfram Encounterrik egingo; azaldu dutenez, antolatzeko aukera aztertu bazen ere, parte hartzaile asko pilatzen ditu. Hala ere, EHUko Ilustrazio Zientifikoko berezko titulazio lanen erakusketa jarriko dute Aroztegin, urriaren 29tik azaroaren 15era, eta, hain zuzen, erakusketa horren inaugurazioarekin emango zaie hasiera ofiziala ZTBren 2020ko jardunaldiei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak