Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak, herriko jatetxeei, elkarte gastronomikoei eta tabernei zuzenean eragiten diete eta gaurtik indarrean daude. Hala, Bergarako establezimenduetan ezin da barran kontsumitu eta barruko aforoa ezin da edukieraren erdia baino handiagoa izan. Terrazatan gehienez hamar pertsona egon ahal dira mahai bakoitzeko. Eta ordutegiari dagokionez, 23:30ak baino lehen itxi behar dute.
Horren harira, neurriak ostalariendako onuragarriak ez direla onartuta, Gorka Artola alkateak, zuhurtziaz jokatzeko dei egin die herritarrei.
"Zuhurtziaz" jokatzen jarraitzeko deia
Herritarrek bestalde, atzo Bergaran positibo berririk agertu ez arren, azken egunetan kasuetan gorakada egon dela ikusita, kezka puntu bat badutela adierazi dute.
Udalak bere aldetik gogorarazi du "zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa" dela. Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera ez da egon positibo berririk udalerrian, eta 17 kasu konfirmatu daude Bergaran. "Hala ere, Osakidetzak jarraitzen du COVID-19 kutsatutakoen ingurukoei jarraipen eta probak egiten eta datozen egunetan izango ditugu emaitzen datuak", adierazi dute eta gaineratu: "Oraindik ezin da Bergaran emandako COVID-19 agerraldia kontrolatutzat eman eta, ondorioz, ezinbestekoa da norberak, zuhurtziaz, segurtasun neurriak bermatzen jarraitzea". Era berean, eta egoera "egonkortuta" dagoela baloratu arte, Udalak astean ezarritako neurri berriei eutsiko diela azaldu dute.
Agorrosingo ekintza gunea
Azken egunotako positiboen hedapena saiheste aldera, Udalak hainbat zerbitzu moldatu ditu eta horien artean dago, Agorrosin kirolgunekoa, esate baterako. Gimnasio eta bizikleta gela itxita egongo dira, ikastaro guztiak bertan behera gelditu dira eta kanpoko igerilekuaren eta berdegunearen edukiera %40ra murriztuko da. Horrez gain, padela zabalik egongo da eta igerilekuko kaleek betiko erabilera izango dute.
Aipatutako neurriak betetzea ezinbestekoa izango da eta herritarrei arduraz jokatzeko eskatu zaie.