Bergarako tabernetan ezingo da barran kontsumitu eta 23:30erako itxi beharko dituzte

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko uzt. 20a, 19:23

Bergarako plaza arratsaldean.

Osasuneko sailburuaren aginduz, osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartu dituzte Bergarako jatetxe eta tabernendako. Nekane Murga osasun sailburuak neurri horien berri eman du arratsaldeko prentsa agerraldian.

Bergaran azken egunetan egon diren positibo kopuruak gora egin dutela ikusita, neurriak zorroztu dituzte. Nekane Murga osasun sailburuak arratsaldean egindako prentsaurrekoan esan duen moduan, aurretik Gipuzkoako beste herri batzuetan egin duten moduan, bihartik aurrera Bergaran eta Ermuan ere ezarriko dira neurri horiek.

Ostalaritzako zerbitzuendako neurriak

Herriko jatetxeei, elkarte gastronomikoei eta tabernei zuzenean eragingo dieten neurriak dira. Hala, bihartik aurrera, ezingo da tabernako barran kontsumitu, barruko aforoa ezingo da edukieraren erdia baino handiagoa izan eta terrazatan gehienez hamar pertsona egon ahal izango dira mahai bakoitzeko.

Bergarako alkateak, Gorka Artolak, baieztatu du neurri hauek iritsi direla Bergarara: "Ostalaritza zerbitzuko baldintza eta ordutegiari eragiten die batez ere eta udaltzainak jakinarazpenak banatzen ari dira herriko taberna eta jatetxean".

Bergarako Udalean, Larrialdi Mahaia deitu dute arratsaldean eta neurri berriak hartuko dituzte hor "zerbitzuen segurtasun neurriak are eta gehiago bermatzeko". Artolak gogora arazi gura izan du gure esku dagoela positiboen igoera kontrolatzea: "Gogoratu detektatzen diren kasu asko asintomatikoak direla eta norberaren burua eta ingurukoena babesteko neurriak hartu behar ditugula". Hemen Bergarako alkatearen gaurko mezua.

Tabernetan eta jatetxeetan banatzen ari diren oharra

Osasuneko sailburuaren aginduz, osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartu dira Bergarako udalerrian sortutako Covid19 pandemiaren agerraldi epidemikoari eusteko.

  1. Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimenduek eta zerbitzuek ezin izango dute gainditu lokalaren barruan kontsumitzeko duten edukieraren ehuneko berrogeita hamar.
  2. Lokal barruko kontsumoa mahaian edo mahai-multzoetan eserita bakarrik egin ahal izango da, eta ziurtatu egin beharko da bezeroen edo, hala badagokio, bezero-taldeen artean behar bezalako segurtasun-distantzia mantentzen dela. Ezin da barran kontsumitu.
  3. Aire zabaletako terrazetan ziurtatu beharko da pertsonen arteko behar bezalako segurtasun-distantzia mantentzen dela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai multzoen artean. Gehieneko okupazioa hamar pertsonakoa izango da mahai edo mahai multzo bakoitzeko.
  4. Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da establezimenduko langile eta bezero guztientzat, kontsumitzen ari diren unean izan ezik.
  5. Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimenduek eta zerbitzuek 23:30 baino lehen itxi beharko dute, eta han ezin izango da bezerorik sartu, ez eta ordu horretatik aurrera ezer kontsumitu ere; gehienez ere hogeita hamar minutu egongo dira lokalak hutsik uzteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak