ALBISTEAK

Bergarako merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan "581.000 euroko eragina" izango duten neurri berriak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko mai. 13a, 16:49

COVID-19ak eragindako geldialdiari aurre egiten saiatzeko "Bergarako ekonomiaren biziberritzerako" neurri berriak iragarri ditu gaur Udal Gobernuak, alarma egoera ezarri zenetik lehenengoz modu presentzialean egin duten prentsa agerraldian. Neurri horien artean dago, besteak beste, herriko komertzio, ostalaritza negozio eta zerbitzuei diru-laguntza zuzenak emateko 300.000 euroko partida bideratu izana.

Gobernuak azaldu duenez "ahalegin berezia" egingo dute "egoera larrienean daudenei" behar duten laguntza eskaintzeko: "Hala egin dugu gizarte zerbitzuekin, bestelako departamenduekin eta herritarren boluntario sarearekin koordinatuta".

"Hausnarketa sakona" herriko negozioei begira

Era berean, adierazi dute "hausnarketa sakona" egin dutela herriko negozioen egoeraren harira: "Herriaren eta gure egunerokotasunaren zutabe diren herriko negozio txikiek pertsianak jaitsi zituzten birusaren hedapena gelditu eta herritarrok babesteko. Udalak hausnarketa sakona egin du herriko negozioen egoera eta premiak zeintzuk diren bere horretan jakiteko, eta asko izan dira horien ordezkariekin egindako bilerak". Hain zuzen ere, gaur iragarri dituzten neurri ekonomiko berriek "581.000 euroko eragina" izango dute herriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan.

300.000 euroko diru-laguntza partida negozioa berriro martxan jartzen laguntzeko

Herriko komertzio, ostalaritza negozio eta zerbitzuei diru-laguntza zuzenak emateko 300.000 euroko partida sortu dute, negozioa berriro martxan jartzen laguntzeko: "Negozioa berriz martxan jarri eta berriro aktibatzen laguntzera bideratuta dago. Laguntza horrek balioko du hemendik aurrerako ibilbidean negozio bakoitzak ikusten dituen beharrei aurre egiteko. Diru-laguntza eskuratzeko oinarriak datorren astean argitaratuko dira", esan du Gorka Artola alkateak.

Terrazak handitzeko aukera, eta aldaketak tasetan

Terrazen gaia bolo-bolo ibili da astelehena ezkero Bergaran ere, astelehen arratsaldean terraza batzuk eta inguruak jendez gainezka zeudelako. Martitzenean egoera askoz kontrolatuagoa zen eta Udal Gobernua martitzenean bertan elkartu zen ostalari batzuekin.

Ostalaritza negozioei terrazak handitzeko aukera eskaini zaie eta tasetan ere aldaketak egongo dira: "Ostalariei Udalaren proposamena helarazi zitzaien, eta euren ekarpenak jaso ostean, datozen egunetan zehaztuko dira neurriaren xehetasunak. Tasak moldatzeaz gain, terrazek espazio handiagoa hartzea baimentzen du neurri honek, eta hala nahi izanez gero, ostalariek egin beharko diote proposamena Udalari. Eskaerak banan-banan aztertuko dira Hirigintza sailean eta erantzungo zaie".

Erosketa bonuen arrakasta

Era berean, maiatzaren 2an martxan jarri zuten erosketa bonuen ekimena indartu egin du Gobernuak. Hala, komertzio, ostalaritza negozio eta zerbitzuetan gastatzeko 44.000 euro bideratu dituzte Kuttuna.org plataformaren bitartez; dagoeneko 80 negozio batu dira eta merkatariek 168.875 euro jaso dituzte. 

Ura eta zaborra kobratu ez

Horrekin batera, derrigorrean itxi behar izan duten saltoki, taberna, kafetegi, jatetxe eta gainerako jarduera profesionalei uraren kontzeptu finkoaren tasa eta zaborraren tasa ez zaie kobratu: "Uretan 36.000 euroko inpaktua aurreikusten da, eta 10.000 eurokoa hondakinetan", aurreratu du Artolak.

Bertako turismoa sustatzeko 30.000 euro

Aurrera begirako beste neurri bat da herriko turismoa sustatzeko 30.000 euroko partida sortu dutela. "Bergarak erakusteko asko dauka, altxorrez beteta dago, eta Udalak ahalegin gehigarri bat egin nahi du bisitari gehiago erakartzeko. Eta, horren bidez ere, gure negozioei beste bultzada gehigarri bat emateko", zehaztu du alkateak.

EAJren eskaerak aintzat hartuta, baina ez dute uste bideragarriak direnik

Bestalde, EAJk joan den astean prentsaurreko telematiko bidez udal gerakin osoa krisira bideratzea eskatzen zuen, 2.300.000 euro inguru. Gobernuak aintzat hartu ditu eskaerok baina diote guztiak betetzea ez dela bideragarria. "EAJk egindako eskaerak kontuan izan ditugu baina Euskal Herrian ez dago beste herririk proportzio horretan bideratu ahal izan duenik diru-laguntzarik, eta uste dugu gure gaitasun ekonomikora ere gerturatu behar garela. Zentzu horretan, gaur egiten dugun planteamenduak indarra emango dio; ez da heltzen EAJk eskatzen zuenari, ez dugulako ikusten bideragarri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak