ALBISTEAK

2019ko udal gerakina COVID-19aren ondorioei aurre egiteko bideratzea proposatu du Bergarako EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko mai. 5a, 19:40

2019ko udal aurrekontuko gerakina, 2.300.000 euro ingurukoa, COVID-19ak eragindako krisia ahalik eta gehien arintzeko bideratzea eskatu dio Bergarako EAJk Udal Gobernuari, gaur bertan. Horretarako "neurri zehatzak" proposatu dituzte, zortzi diru-laguntza lerrotan banatuta. "Gure herritarrak babestu behar ditugu eta haien ongizatea bermatu. Era berean, Bergara berriz martxan jartzeko plana zehaztu behar da", esan du Elena Letek, lehenengoz egin duten prentsa agerraldi telematikoan.

Hiru ardatz nagusi planteatzen dituzte jeltzaleek: gizarte arloa, arlo ekonomikoa eta kultura-arloa. Esandako moduan, zortzi diru-laguntza lerro proposatzen dituzte eta horietatik zazpitara diru-kopuru zehatz bat dute aurreikusita; hau da, zazpi partida horien batuketak egun Udalak duen gerakina emango luke emaitza moduan: 2.300.000 euro.

Honako hauek dira nabarmendu dituzten zortzi  lerroak: hirugarren adina, tokiko merkataritza, bonuen programa indartzeko proposamena, ostalaritza, autonomoak eta enpresa txikiak, kultura eta kirol taldeei bideratutako laguntza eta aholkularitza, langabezia programak eta nekazaritza auzoetarako zuntz optikoa.

Tokiko merkataritza jomugan

Adibidez, Udal Gobernuak martxan jarri duen bonuen sistemarako partida indartzeko proposamena egin du EAJk, eta baita tokiko merkataritzari begirako beste partida eskaera bat ere: "Krisi honek gogor kolpatu ditu arlo soziala eta baita ekonomikoa ere, eta modu berezian eragin die tokiko merkataritzari eta ateak itxi behar izan dituzten negozio guztiei. Horregatik, beharrezkoa da establezimendu horiei guztiei laguntza eta bultzada ematea. Tokiko merkataritza eta kontsumoa sustatzeko martxan jarritako kanpaina harago joan beharra dagoela uste dugu, ez baita nahikoa". Hala, bi partida proposatu dituzte; aktibitatea itxita egon den bitartean izan dituzten gastuei aurre egiteko 470.000 euroko partida eta lokalak COVID-19aren aurrean hartu beharreko neurriak ezartzeko 130.000 euro.

Erantzunik ez hilabete batez

Apirilaren 5ean EAJk Udal Gobernuari idatziz "bere laguntza" eskaini zion "inongo baldintza barik eta eskaera zehatza" egin zion. Diotenez, ez dute erantzunik jaso eta euren proposamenak aintzat hartuak izan daitezen eskatu dute. "Hasieratik esan genuen eta orain berretsi egiten dugu: gure lanerako prestutasuna, esperientzia eta ezagutza izango du Udal Gobernu honek krisi honi aurre egiten saiatzeko", gaineratu du Elena Letek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak