Jaien erabakiaz gain, talde politiko guztiek onartutako COVID-19aren bueltan atera duten adierazpena nabarmendu beharra dago. Gobernuak eta oposizioak bat egin dute birusaren ondorioei aurre egiteko garaia dela esaterakoan; batasuna dela lehentasuna orain, euren arteko ezberdintasunak ahaztuta. Horrekin batera nabarmendu dute urtarrilean onartu zen udal aurrekontua goitik behera berrantolatu beharko dutela, behar handiena dutenak atzean geratu ez daitezen.
Jarraian, COVID 19-aren aurrean Bergarako udalbatzaren adierazpena:
"Duela ez hainbeste urrun ikusten genuen gaitza gurean daukagu. Txinan hasi zena, mundu globalizatuak, ezinbestean, mundu mailako arazo bihurtu du.
Egun batetik bestera, aurretik sinesgaitzak liratekeen pisuzko neurriak hartu behar izan ditugu maila bateko eta besteko erakunde orok. Larrialdi egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, horren ostean etorri ziren konfinamendua, ezinbestekoak ez diren lanpostuetan etxetik lan egiteko beharra eta beste hainbat neurri. Bergarako Udalak ere hainbat neurri hartu behar izan ditu, beti ere arduraz eta zuhurtziaz.
Ezohiko egoera horretan, bai erakundeek eta baita herritarrek ere ardura erakutsi dugu. Eredugarriak diren jarrera eta ekimenak martxan jarri eta bultzatu dira aste hauetan. Osasuna bestelako interesen aurretik jarri, eta elkar zaintzea posible dela erakutsi dugu herri bezala.
Erakunde publikoek herritarrak babestea dute helburu, kutsatuak saihestuz eta ahal den neurrian gutxituz. Horretarako hainbat neurri eta gomendio luzatu ditugu erakundeek; lan segurtasunaren inguruan, eremu publiko eta komertzialen erabileran, osasun arloan hartu beharreko neurriez, elkar-zaintzaren garrantziaz edo kolektibo zaurgarrienei begira martxan jarritako laguntza lerro berriez. Herritarrek ere ardura erakutsi dute, modu altruistan, bakoitzak beretik, ahal dutena eman dute boluntarioak eta norbanakoak: maskarak egiten, elikagaiak eta sendagaiak behar dituztenei helarazten, sortu diren behar berriak asetzen...
Gogoan ditugu bereziki itxialdian hil direnak eta beraien familiak (Covid 19 birusa edota bestelako gaitz baten ondorioz) ez baita erraza egoera honetan dolua egitea. Baita etxetik irten gabe dauden pertsona nagusiak, eta haur eta gaztetxoak, nahiz eta azkeneko hauen egoera, zorionez arintzen doan. Gogoan ditugu euren erasotzaileekin arriskuan bizi diren emakumeak. Baita, beraien familietako egoera ekonomiko larriagatik ikastetxeko jangelan otordu garrantzitsuena egiten zuten haur eta gazteak ere. Gogoan ditugu osasun krisi honen eraginez sortutako krisi ekonomikoak lan gabe edo lana galtzeko arriskuan dauden langileak eta baita, lan baldintza kaxkarretan geratzeko arriskua duten langileak ere. Zer esanik ez krisi aurretik zailtasunak zituzten eta orain egoera oraindik gehiago gogortu zaien talde zaurgarrietako herritar guztiak edo COVID19a bereziki pairatzen duten herritarrak: arrisku taldeetakoak, Mizpirualdeko egoiliarrak eta profesionaltasunez lanean diharduten langile guztiak…
Gogoan ditugu hauek guztiak ere; lehen lerroan diharduzuen langileak, dendari zein garraiolari, emergentzietako langile, osasun langileak edo udal-langileak, besteak beste.
Gogoan ditugu gure herriko merkatari eta ostalariak, itxieragatik diru sarrerarik gabe geratu direnak. Gogoan ditugu gure herriko autonomoak, krisi ekonomikoak eragindako ondorioak dagoeneko sufritzen ari direnak. Baita, gure herriko enpresak ere, gure herrian jardun ekonomiko handia sortu duten eta orain kezkaz beteriko etorkizuna dutenak.
Gogoan zaituztegu eta Bergarako Udalak eskura dituen bitartekoak ipintzeko konpromisoa hartzen du, orain arte egin izan duen moduan, guztiengana iritsi eta laguntzeko.
Osasuna eta zaintza erdigunean jarri da, eta horrek zer hausnartu ere eman digu. Bistaratu egin dira zaintza lanetan dabiltzan emakumeak, ohartu gara zein garrantzitsua den bizilagunak ezagutzea, eta orokorrean, komunitatearen garrantziaz jabetu gara. Indibidualtasunetik, ezin aurrean ditugun erronkak gainditu.
Herritarrak, udalak zein beste erakundeak elkarlanean jardun beharko dugu aurrerantzean ere, aurreko hamarkadetan sortutako ongizate estatuaren alde positiboak babestu eta guztion artean eredu gizatiarrago bat eraikitzeko bidean. Eskubide zibil eta sozialak modu kolektiboan landuta eta konpartituta lortuko dugu aurrera egitea.
Osasun krisi moduan hasi zena, krisi ekonomiko ere bilakatu da. Ez dira garai errazak aurreikusten, eta erronka berriak izango ditugu. Herriko ehun industriala eta merkataritza gogor jasaten ari dira krisi honen ondorioak eta agerian geratu dira kontuan hartu beharreko beste hainbat gai ere: zerbitzu publiko duinen garrantzia eta indarra, kutsaduraren arazoa, sistema ekonomiko honen ahulgune eta indarguneak, kanpoko eraginak eta dependentziak edo bertako horniketa eta saltoki txikien garrantzia.
Bergarako udalean COVID19ko oihartzunak indartzen joan zirenean, nahiz eta oraindik alerta egoera ezarri barik egon, Bergarako udal talde politikoak bozeramaile mahai berezia baten bueltan elkartu ginen eta era bateratuan lehen neurriak martxoaren 13an hartu ziren. Ondoren osatu zen Larrialdi mahaian egoeraren eta urgentziazko neurrien inguruan jardun dugu azken asteetan eta larrialdi egoeraren lehen fasea pasata aurrera begira jarrita gaude korporazioko kideak.
Datozen asteetan lan handia izango dugu larrialdi egoera ondorengo egoera berrira egokitzeko, epe motz, ertain eta luzerako estrategiak definitzen joateko. Erabaki asko hartu beharko ditugu, agertoki bakoitzaren aurrean erantzuna desberdina izan beharko da eta. Horregatik, bergararren behar berriak identifikatzeko azterlana egin ondoren, arlo ezberdinetan beharrei erantzuteko neurriak modu azkar batean bideratzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartzen du udalak. 2020ko Udalaren aurrekontuak birmoldatu beharko ditugu eta aurrekontu berrian garrantzia berezia izango du COVID19 krisiaren ondorioak ekiditeak; diru laguntza lerro berriak sortuko dira, zergen ordainketak malgutu dira eta neurri berriak aztertuko dira, gure eragin esparruan hartu beharreko neurriak aztertuko dira eta eragin sozial eta ekonomikoak leuntzeko aukerak landu.
Behar berriak eta lehengoak uztartu eta lehentasunak birdefinituko dira, ahalik eta modu eraginkorrenean beharrei erantzuna emateko.
Zorionez udalbatza osatzen dugun alderdi politiko guztiak elkarlanean gabiltza, ez dakigu asmatuko dugun edo ez, aurretik inoiz ez baitugu ezagutu horrelakorik, baina gure borondate onenarekin ahaleginduko gara. Laguntzeko prest gaude eta baita lagunduak izateko ere, herritar, eragile zein beste instituzioekin elkarlana behar beharrezkoa izango dugu eta. Guztion artean lortuko dugu, bergararron onerako lanerako konpromisoa azaltzen dugu oraingoan ere udal kide guztiok.
Agenda ere behar eta egoera berrira egokitzen joan beharko gara, eta momentu bakoitzeko egoera orokorrak finkatuko du zer egin behar den jaietako eta udal agenda eta ekimenekin. Gaur gaurkoz argi dagoena da Pentekosteak maiatzean ospatu ezingo direla, eta hala aditzera eman nahi da gaurkoan. Bergarako kaleak piztu eta girotuko dira berriz baldintza hobeak ematen direnean.
Bergararrok COVIDaren aurrean, eutsi eta animo guztioi".
Arrano eta Artatse babesteko mozioa
Gai zerrendaz kanpo azken orduan sartu ziren gaien artean dago Herriko tabernen auziaren bueltan landu zen mozioa: mozioarekin, besteak beste, Arrano tabernako eta Artatse elkarteko tabernari eta bazkideei babesa erakutsi eta “epai politiko” horren injustizia salatu nahi zuten. Aurrera egin zuen mozioak, EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta alderdi sozialistaren kontrako botoarekin.