Auzitegi Nazionalak 2014an atera zuen 35/02 sumarioko epaia, eta bertan 107 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, ETAren egitura finantzatzen zutela leporatuta. Auzitegi Gorenak 2015eko ekainean berretsi zuen sententzia, eta orduan Arrasateko Irati eta Oñatiko Gorgo Mendi izan ziren libratu ziren bakarrak Euskal Herrian, Pasai San Pedroko Antxeta eta Harotz Toki-rekin batera.
Kontuak enbargatzen hasi dira
Azken orduotan epai hori gauzatzen hasi da Auzitegi Nazionala. Bergarako Arrano tabernako ordezkariek azaldu dutenez, oraindik ez dute ziurtatu Bergarako kasuan bankuko kontu korrontea hustu dieten baina adi egongo direla diote: "Herriko tabernak ixteko lehen pausoa eman dute. Gure kontuak enbargatzen hasi dira eta egingo dituzten hurrengo ekintzetara adi egotea tokatzen da. Gure herriko tabernak erasotzeko momentu honetan bizitzen ari garen salbuespen egoera ari dira aprobetxatzen. Hala ere, inoiz baino gogo eta indar gehiagorekin aurkitzen gara eta borrokan jarraituko dugu gure taberna bizirik mantentzeko".