Bergarako udalbatzak Diputazioari eskatu dio ardura har dezala Mizpirualdeko langileen greban

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko aza. 26a, 14:39

Mizpirualdeko langileen greba izan zen eztabaidagai nagusia atzoko bilkuran. Bergarako zaharren egoitzako langile batzuk 120 egun daroatzate greban eta akordiorik ezean greban igaroko dute hurrengo hilabetea ere. Langileen eskaera nagusia da Diputazioak ardura har dezala gatazkaren konponbidean, eta EH Bilduk mozio hori aurkeztu zuen. Aurrera egin zuen, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu arren.

Iazko irailean hasi ziren mobilizazioekin, lan hitzarmen "duin" bat eskatzeko, eta helburu hori lortu ez dutenez, euren aldarrikapenen berri emateko mozio bat sartzeko eskatu zieten udalbatzako alderdi guztiei. Mozio horretako langileen eskaera nagusia zen Diputazioak ardura hartzea gatazkaren konponbidean, eta EH Bilduk mozio hori hitzez hitz aurkeztu zuen udalbatzaren aurrean. Hala ere, EAJk mozio alternatibo bat aurkeztu zuen; EH Bilduren mozioak egin zuen aurrera, nahiz eta EAJk eta alderdi sozialistak kontra bozkatu.

Ikuspegi ezberdinak

Gobernuak eta oposizioak ikuspegi ezberdinak dituzte gaiaren inguruan. "Faltan bota dugu EAJren mozio alternatiboan Diputazioak gatazka honetan duen erantzukizuna edo ardura. Aldundiak zuzenean eskaintzen duen zerbitzu bat da, azpikontrata baten bidez. Sindikatuaren eta patronalaren arteko gatazka huts moduan ulertzea ez da zuzena gure ustez, Aldundia denean zerbitzu horren arduraduna", esan zuen Gorka Artola alkateak.

EAJko bozeramaile Elena Letek, berriz, mozio alternatibo hori zertan datzan azaldu zuen: "Indar handia ematen diogu zerbitzuari. Ezinbestekoa da zerbitzua bermatzea, ezinbestekoa da hirugarren adineko pertsonak ondo zainduta izatea eta ezinbestekoa da gutxieneko zerbitzuak betetzea. Horrez gain, eta mozio honen oinarrian gatazka bat dagoela aintzat hartuta, eskatzen genion sindikatuari eta patronalari adostasun batera heltzeko lanean jartzea; azken finean, gure egoiliarrak izango dira onuradun nagusiak".

Azkenik, PSE-EEko Alberto Alonsok argi utzi nahi izan zuen zergatik bozkatu zuen EH Bilduren mozioaren kontra: "Arreta Aldundiarengan jartzen du EH Bilduk. Arreta gatazkan jarri beharra dago, patronalarengan eta sindikatuarengan".

EAJren eskaera: jarraipen mahai bat

EAJko zinegotzi Irune Galarragak, era berean, Udal Gobernuari eskatu zion kudeaketaren ardura gaur egun Udalarena ez bada ere jarraipen mahai bat eratzeko. Mahai horren helburua litzateke gatazkari eta zerbitzua jasotzen duten egoiliarrei ahalik eta jarraipen zehatzena egitea. Alkateak gogora ekarri zuen hori bera eskatu zutela Mizpirualde egoitza Diputazioaren ardura izatera pasatu zenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak