Goizean goizetik 180 herritar inguru, iazkoaren aldean bikoitza, ibili dira Bergaran Deba ibaiaren bazterrak garbitzen. Aurten, gainera, ekimena berriz ere heldu da Osintxu alderaino.
Plastikoak, burdinazko piezak, aulkiak, aterkiak, oihalak, Gabonetako argiak... Denetik atera dute errekatik, antolatzaileen esanetan, aurreko urteetan baino gehiago. "Erreka ur gutxirekin doa, eta horrek aukera eman digu orain arte heldu izan ezin dugun lekuetara ere heltzeko", azaldu dute parte-hartzaileek.
Umeendako gunea
Berrikuntzarik ere izan da aurten. Izan ere Usondo parkean, behin erreka bazterrak garbitu ostean, eskulanak egiteko lekua jarri dute etxeko txikienentzat: birziklapena, zaborren bilketa, erreken garbiketa... landu dituzte bertan. "Txiki-txikitatik umeekin egiten dugun lanketak bere fruituak emango ditu etorkizunean", adierazi du gune horretan egon den gurasoetako batek.
Goiz guztian zehar lanean ibiltzeak, gainera, izan du saria, Seminarioko patioan mokadutxoa egiteko aukera ere izan da eta.