Helduekin ez bezala, umeekin eguraldia ondo portatu zen. Eguraldi ederra egin zuelako atzo iluntzeko umeen danborradan. Hori bai, helduen danborradako parte hartzea urtez urte gora joan bada azken urteetan, kontrakoa ari da gertatzen umeen danborradarekin. Iaz ez ziren 300 partaide izatera heldu eta aurten 250 bat ume izan dira. Danborrada posible izan dadin ikastetxeek egin duten lana goraipatzeaz gain, beheranzko joera horri buelta emateko asmoa agertu du Udal Gobernuak.
'San Martin' eta 'Pertxa'
Kalejira San Martin plazara heldu zenean, urtero legez, San Martin eta Pertxa ereserkiak jo zituzten eta ondoren, parte hartzaile guztien gozamenerako, txokolatea eta bizkotxoa banatu zuten.
"Oso ondo" joan diren festak
Amaitu dira San Martin jaiak eta Udal Gobernuak oraindik balorazio ofiziala egiteke badu ere, lehen sentsazioak dira jaiak "oso ondo" joan direla. Partaidetza "oso handia" eta eguraldi ona oro har. Hain justu, eguraldiak domeka gaueko helduen danborrada zapuzteko ahalegin guztiak egin zituen, eta neurri baten desitxuratu zuen ekitaldi berezia, baina bergararrek oso ondo erantzun zuten.