ALBISTEAK

San Martin jaietako danborradak 700 bat lagun mugiaraziko ditu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ira. 10a, 15:28

Irailaren 13tik 16ra bitartean hainbat eta hainbat ekitaldi izango dira Bergarako San Martin jaietan. Ekitaldien artean, aurten ere zapatuko feria eta domeka gaueko helduen danborrada nabarmendu behar dira: Oxirondoko azokan askotariko produktuez osatutako 42 postu egongo dira eta danborradak 700 heldu mobilizatuko ditu; inoizko konpainia kopuru altuena irtengo da, gainera: 21.

Egubakotzetik astelehenera bitartean San Martin jaiak ospatuko dituzte Bergaran eta festak aurkezteko agerraldia egin dute gaur udaletxean. Lau egun horietarako hainbat eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak, betiere ezinbestekoak diren eragileekin. 

42 postu zapatuko ferian

Ekitaldirik nabarmendu behar bada, zapatu goizeko azoka da horietako bat zalantza barik. Barazki eta fruta postuez gain, gazta, kontserbak, gozogintza, ogia eta beste hainbat produktu izango dira, denetara 42 postu. Eta, urtero moduan, ez da faltako 20 bat gaztagile batuko dituen gazta lehiaketa. Gainera, iazko arrakasta ikusita, EHUko ikerlari Bittor Rodriguezek gazta dastatze komentatua egingo du. Barazki eta fruta onenak zehazteko lehiaketak ere egongo dira. 

Sanmartinetako beste ekitaldi kutuna domeka gaueko helduen danborrada izango da. 21 konpainia horietako danbor eta barrika joleez gain, japoniarrak, Musika Banda, bandera eramaileak eta zaldunak aintzat hartuta 700 herritar inguru mobilizatuko ditu helduen danborrak. Aurten, gainera, badago nobedaderik. "Orain arte danborrada plazara heltzen zenean konpainia bakoitzak zuzendari bat izaten zuen; aurten bi zuzendari egongo dira guztira. Bat danbor-joleendako eta bestea barrika-joleendako", adierazi du kultura zinegotzi Kristina Markinak. 

Nobedade berezi bi

Urterokoak ez diren ekitaldien artean Edu Muruamendiaraz bergararrak zuzentzen duen Aukeran dantza konpainiaren Biz Hitza ikuskizuna nabarmendu du Udalak; zapatuan izango da, gaueko hamarretan, udal pilotalekuan. Beste nobedade bat da bergararrez osatutako Ertzak Bidean taldearen ikuskizuna; domekan izango da, ordubatean, Munibe plazan. 

Klasikoek ez dute hutsik egingo

Gainerako ohiko ekitaldiek ez dute hutsik egingo. Horien aretan daude, besteak beste, Simon Arrieta pintura lehiaketa, Musika Bandaren kontzertua, sokamuturra Bergarako zezentxoen eskutik, sanmartinetako klasiko bat den Joselu Anaien kontzertua… 

Kontsumo arduratsurako deia

San Martin  jaietan 57.000 euro gastatzea aurreikusten du Udalak eta jaiak berdintasunean, errespetuan eta kontsumo arduratsuan oinarritu behar direla azpimarratu du. Hain zuzen, ondo pasatzeko drogarik behar ez dela aditzera emateko bertso berezi bat argitaratu du Udalak egitarauan, aurten ere: "Parranda egitean dantzan zein hitzezko, izan ditzadan zenbait une umorezko, marra txuri, pilula, kalimotxo fresko... Aukerako zaituztet ez derrigorrezko".

Munibe plazarako eta Kartzela zaharrerako egitaraua

Xaxau jai herrikoien konpartsak antolatutako egitarauak bi gune hartuko ditu: Munibe plaza eta kartzela zaharra. Aitor Maraurik egindako kartelean irakur daitezkeen aldarrikapenen artean kartzela zaharrak jasan dituen lapurreten kontrako mezua irakur daiteke, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak