Kartzela zaharreko kolektiboak oso haserre daude: "Gure baliabideak lapurtzeaz gain, gure espazio kutun honi eraso egin dute, eta nahikoa dela esateko batu gara. Denoi eragiten digun lapurretak egin dituzten pertsonak gaitzesten ditugu eta ezin gara isilik eta geldi geratu egoera honetan sistemak eta gizarteak berak hartzen duen jarrera utziaren aurrean. Eta argi dugu konponbidea ez dela polizia gehiago jartzea edota arma kopurua handitzea, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinisten eta defendatzen dugu".
Kartzela zaharrean sortzen jarraitzeko gogoa
Egoerari soluzioa bilatzeko, herriaren beraren babesa jartzen dute oinarri moduan: "Kartzela zaharreko askotariko proiektuak herriarenak dira: Txapa irratia, Martxanterak, Kopla Barik bertso eskola, gitarra taldea, Dynamo zinekluba, BET, Maijoku, Jau! Asanblada, Angiolillo liburutegia, Xaxau.... Segi dezagun gure espazioak babesten, komunitatea eraikitzen, konponbideak batera aurkitzen eta inor, inor, ez lagatzen bide bazterrean. Nahikoa dela esatera etorri gara, baina herriko txoko honetan mila kontu sortzen jarraitzeko dugun gogoa eta indarra erakustera ere bai. Kartzela zaharra askatasun gune bihurtzen jarraituko dugu, eta beti izango ditu ateak zabalik lan egin nahi duen edonorentzat".
Kezka inguruko gertaerekin
Era berean, kezka agertu dute Bergaran eta Debagoienean bestelako proiektuetan eman diren lapurreten harira: "Kezka handia sortu zaigu, ez delako erraza gai honi heldu eta soluzio eraginkorrak eta kolektiboak lantzea".