Bergarako Udalak "ahalegin guztiak" egingo ditu Gabiriako tunela erabilgarri egon dadin lehenbailehen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ira. 2a, 15:42

Gabiriako tunela inpermeabilizatzeko oihalak berandu eta gutxi heldu ziren abuztuan eta horregatik oraindik ez dago irekita, baina Udalak "ahalegin guztiak" egingo ditu San Martin jaietarako erabilgarri egon dadin; beste hainbat obra ere egin dira edo amaitzear daude.

Herritarren artean ahalik eta afekziorik txikiena eragiteko asmoz, Udalak abuztuko oporrak aprobetxatu ditu hainbat obra egiteko. Esanguratsuenen artean dago bergararren artean oso erabilia den Gabiriako tunela. Abuztuaren 6an itxi zuten, tunela inpermeabilizatzeko argiteria hobetzeko eta hormei eusteko lanek eraginda.

Hasierako asmoa zen abuztu bukaerarako tunela irekita izatea, edota, beranduenez jota, irailaren 2rako, baina abuztuan izandako horniketa arazo batzuek irekiera hori atzeratu dute. "Urarena zen arazo nagusia. Lehen fase batean, oihalak jarri dira hormen bi aldeetan eta goiko partean urak bideratzeko, eta bigarren fase batean argiteria hobetuko da eta kanalizazioa egokitu", adierazi du Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Juanjo Azulak.

Oihal gutxi, eta berandu

Bigarren fase hori San Martin jaien ostean gauzatu beharko dela aurreratu du Azulak, eta dio "ahalegin guztiak" egingo dituztela tunela lehenbailehen irekitzeko: "Oihalak berandu eta behar genituen erdiak heldu ziren abuztuan. Horregatik, presaka ari gara lanean orain eta ahalegin guztiak egingo ditugu lehenbailehen erabilgarri egon dadin", gaineratu du Azulak.

Izan ere, ezin da ahaztu irailaren 9an ikasturte berriari egoitza berrian ekingo diola Miguel Altuna lanbide heziketak (zuzendariari elkarrizketa irakurtzeko, ikus 9. orria) eta ordurako tunela irekita izatea komeni dela. Atzo helarazitako ohar baten, Udalak dio "ahalegin guztiak" egingo dituela San Martin jaietarako irekitzeko. Geotunel enpresari esleitu zion obra Udalak, 48.109 euroko aurrekontuarekin.

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak