EAJrentzat "atzerapauso itzela" da parkingaren proiektuarekin ez jarraitzea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko uzt. 23a, 16:08

Seminarioko parkingaren proiektua izan zen eztabaidagai nagusia atzoko osoko bilkuran, uztaileko ohikoan. EAJko bozeramaile Elena Letek eskaeren eta galderen tartean atera zuen gaia, eta "gonbidapena" luzatu zion egungo gobernuari proiektu horren bueltan eman diren "pauso guztiak" kontatzeko. Gorka Artola alkateak joan den astean iragarritakoari heldu zion: mugikortasun planeko emaitzak izan arte, ez da parking berririk egingo.

Elena Letek atzera begiratu zuen seminarioko parkingaren bueltan "kolore ezberdinetako" gobernuek eman dituzten pausoak gogoratzeko eta esan zuen egungo gobernuaren erabakia "atzerapauso itzela" izango dela: "Oraindik zenbaterainokoa izango den ez dakigun atzerapauso bat eman du gobernu honek. Modu oso arinean, erabaki latz bat hartu du. Plan orokorrean jasota zegoen seminarioan parking bat egitea, eta plan orokor bat aldatzeko bataz besteko denbora lau urtekoa izan ohi da. Denbora hori itxaron beharko dugu?".

Gorka Artola alkateak erantzun zion esanez, parkingaren eztabaida kalean dagoen kontua dela aspalditik: "2002an bazegoen planteamendu bat, 2007an erosi zen orube hori eta 2009ko plan orokorrean sartu zen gero. Horregatik, hain zuzen, mahai gaineratu behar da eta proiektua gaur eguneratu. Urteak pasatu dira eta gaur egungo mugikortasun eredura begira antolatu behar da udalerria; antolaketa horretan lehen zeuden planteamendu batzuk zalantzan jar daitezke, eztabaidatu eta berrikusi; hori dela-eta, bergararren beharrei egokitutako alternatiba onena zein den jakin behar dugu ahalik eta ziurtasun handienarekin".

PSE-EEko bozeramaile Alberto Alonsok argi dauka hauteskundeetan bergararrek "garbi" esan zutela parkinga ez dutela nahi seminarioan: "Errespeturik handiena zor diegu hauteskundeetako emaitzei, gobernu berri bat eratzea eragin duelako. Zain gaude, txosten bat egingo dutela agindu dutelako; guk lanerako margen hori emango diegu. Objetibatu dezagun, jar ditzagun datuak mahai gainean eta ondoren izango dugu iritzi bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak