Atzo Bergarako tailerretik pasatu ziren erabiltzaile horien testigantzak ikusita, argi dago txanda hartzeko arazo nabarmenak daudela. Azterketak gero eta zorrotzagoak direlako eta gero eta ibilgailu gehiago daudelako, Irungo eta Urnietako Ibilgailuen Azterketa Teknikorako tailerrak kolapsatuta daude, eta Bergarakoari zuzenean ari zaio eragiten. Telefono deiak nekez hartzen dituzte Bergaran ere, eta internetez txandak uztailerako ari dira ematen.
Beste bi estazio irekitzea "serioski" aztertzen
Arazoaren handitasuna ikusita, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak pasa den astean adierazi zuen Gipuzkoan bi IAT estazio berri irekitzea "serioski" aztertzen ari direla, "herritarren beharrei modu egokiagoan erantzuteko helburuarekin". Kokalekuaz galdetuta, berriz, ez zuen erantzunik eman nahi izan.