Gipuzkoako IAT tailerrak, kolapsatuta

Amaia Zabala 2019ko api. 18a, 10:00

Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikorako tailerra.

Bai ibilgailuen azterketak gero eta zehatzagoak direlako, bai gero eta ibilgailu gehiago daudelako, Gipuzkoako IAT tailerrak kolapsatuta daude eta hiru hilabetera ari dira txandak ematen; Eusko Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela jakinarazi du

Urnietako eta Irungo Ibilgailuen Azterketa Tekniko (IAT/ITV) tailerretan egunean 3.000 deitik gora ari dira jasotzen eta linea kolapsatuta dago, webgune bidez ere ezinezkoa da hitzordua hartzea eta, ondorioz, asko eta asko tailerrera bertara ari dira joaten txanda eske. Tailerrean bertan ere hitzordua hartzeko ilarak daude. Une honetan, ekain amaierarako ari dira txandak ematen.

Bergarakoaren kasuan, egoera ez da aurreko bietan bezain dramatikoa, eta telefonoz saialdi batzuk egin ondoren lortu daiteke hitzordua. Hori dela eta, hainbat gidari kanpotik etortzen dira Bergarako tailerrera ibilgailuaren IAT egitera. Fernando Legaz Bergarako IAT tailerraren arduradunaren esanetan, Irungo eta Urnietako tailerrak kolapsatuta egoteak ekarri du Bergarakoa ere kolapsatzea. "Inoiz gure tailerretik pasa ez diren ibilgailuei ari gara azterketak egiten, gure bezero inoiz izan ez diren gidariak datoz, gainontzeko eskualdeetatik, eta, ondorioz, betiko bezeroei ezin diegu nahi genukeen zerbitzu azkarrik eman eta kexatzen ari zaizkigu". Gaineratu du Urnietakoan eta Irungoan egoera hobetzean egonkortuko dela Bergarakoan ere.

Beste eskualdeetatik Bergarara

Jon Ander Agirrezabala ibartarrak, esaterako, Urnietako tailerrean egiten dio beti ibilgailuari azterketa, baina, oraingoan, ez zuen lortu txanda hartzerik eta Bergarakoan egingo dio: "Ekainean iraungitzen zait eta Urnietakora deika ibili naiz txanda hartzeko; bi egunetan hogei aldiz deitu nuen eta ez zidaten telefonoa hartu, Internet bidez ere ez zidan aukerarik ematen, eta lagun batek Bergarakoan saiatzeko esan zidan; eta horrela egin nuen. Aurreko astean hartu nuen txanda Internet bidez eta ekaineko bigarren asterako lortu nuen; hori bai, oso ordu gutxi zeuden libre".

Agirrezabalak gaineratu du bere beste lagun batek Urnietako tailerrera bertara joanda lortu duela hitzordua eta Arbizuko tailerrera joan den lankide bat ere baduela: "Gaueko lana egin eta goizeko seietan irtetean Arbizura joan zen. 06:45erako han zegoen eta ordurako laurogei auto zituen aurretik zain. 12:00etan egin zioten ibilgailuaren azterketa".

Debagoienetik Gasteizera

Batzuk beste eskualde batzuetatik datoz Bergarakora, baina beste asko, berriz, Gasteizko, Iruñeko eta Arbizuko tailerretara doaz Debagoienetik, hitzordurik gabe ere funtzionatzen duten tailerretara, hain zuzen. Horietako bat Maribel Herrera Ugarte oñatiarra da: "Bat-batean ohartu nintzen autoaren IAT iraungita nuela, eta, presaka, Bergarako IAT tailerrera jo nuen; ez nuen txandarik lortzen, eta, ondorioz, Urnietakora jo nuen. Azkarrena hiru hilabetera ematen zidaten han. Ezin dut hainbeste denboran ibilgailua IAT egin gabe ibili, eta jakin nuen Gasteizen hitzordurik gabe IAT egiteko aukera dagoela; beraz, bertara jo nuen".

Herrerak gaineratu du behin Gasteizko tailerrean zegoela hiru ordu itxaron behar izan zuela: "Nik hiru ordu egin nituen zain, baina baziren lau egin zituztenak ere. Bertako langileak jakinarazi zidan iraileko araudi berria delaeta hamar urtetik beherako ibilgailuei azterketa zehatzagoa egiten dietela. Antza, USB sarbide baten bitartez ordenagailura konektatzen dituzte eta bertan autoaren historial guztia agertzen zaie. Nire kasuan, tailerreko langileek denbora luzea pasa zuten autoak sarbide hori non duen aurkitzen."

Gero eta ibilgailu gehiago

Hego Euskal Herriko Automobil Klubaren esanetan, kolapsoaren arrazoiak hainbat dira: batetik, Herrerak dioen moduan, ibilgailuei E-OBD irakurketa sistemaren bitartez egiten zaien azterketak ibilgailu bakoitzarekin denbora luzeagoa igarotzea; bestetik, ibilgailuak gero eta zaharragoak direla; eta, azkenik, duela hamar urte baino 31.247 auto daudela egun, denera 488.308 auto, eta, ondorioz, eskaera askoz handiagoa dela. Hori dela eta, arazoa konpontzearen garrantzia azpimarratu du elkarte horrek: "Agintari eskudunek pilak jarri eta egoera hau konpondu behar dute, eta gidari guztiei zuzenean eragiten ari den arazo honi konponbide bat ezarri".

Bestalde, ibilgailuak beste probintzia batzuetara pasatzera joateak eta herritarrak IAT pasatu gabe zirkulatzen ibiltzeak dakarren arriskua azpimarratu du.

Bi tailer berri

Arazoaren handitasuna ikusita, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak pasa den astean adierazi zuen Gipuzkoan bi IAT estazio berri irekitzea "serioski" aztertzen ari direla, "herritarren beharrei modu egokiagoan erantzuteko helburuarekin". Kokalekuaz galdetuta, berriz, ez zuen erantzunik eman nahi izan. Bestalde, momentuko kolapso hori ahalik eta gehien arintzeko, Urnietako eta Irungo IAT tailerrek bien artean egunean 60 ibilgailu gehiago errebisatzeko konpromisoa hartu dute.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari galdetuta ea IAT iraungita baina hitzordua hartuta izanik gidariari isuna jarri ahal diezaioketen, baiezkoa erantzun du: "IAT iraungita izatea zigorgarria da eta ez da salbuespenik egingo". Era berean, Ertzaintzak ere isunak jarriko dituela dio eta txanda hartzean garaiz ibiltzeko dei egin die herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak