Agintaldiko azken aurreko ohiko osoko bilkuran, berdintasun alorrean lanean ari diren elkarte eta norbanakoendako dirulaguntza kaleratzea onartu zuen udalbatzak. 6.000 euroko poltsa bideratu dute aurten helburu horretarako. "Lehen aldia da Bergaran laguntza lerro hau ateratzen dena eta oso inportantea iruditzen zaigu. Martxoan gaude oraindik eta beraz urte osoa dugu laguntza hau norbanako zein elkarteei begira kudeatzeko", dio Elena Letek.
Urtarrilean, 2019tik 2021era arteko dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zenean, ez zuten lerro hau sartu orduan berdintasun teknikaria bajan zegoelako.
EH Bildu abstenitu egin zen helburuarekin ados egon arren gobernuak gaia ondo kudeatu ez duela argudiatuta, eta Irabazik kontra bozkatu zuen onartzeko moduak desegokiak izan direla iritzita.
Eguneko zentrorako hirigintza-hitzarmena
Bestalde, eguneko zentroari begira Urartetxe enpresarekin hirigintza-hitzarmen bat ere onartu zen atzoko osoko bilkuran. Boni Laskurain kalean egon da orain arte eguneko zentro hori eta "laster" irekiko da Ernai kalean; lehen 25 plaza zituen eta orain 35 plaza izango ditu.
EH Bilduk, alde bozkatu arren, Irabazirekin izandako osteko eztabaidaren tonua salatu zuen. "Erantzukizun ariketa bat izan da aldeko botoa ematea; hitzarmen hau aurreko agintalditik dator, eta orduan planteatu zen etxebizitza horien forman eta izaeran aldaketa bat egitea eta kontraprestazio moduan eguneko zentroa Udalak bertan egiteko aukera izatea. Hori bai, Irabazik kontra bozkatu izanari Elenak eman dion erantzuna oso gogorra izan da. Zilegi da alde zein kontra bozkatu eta hori justifikatzea baina alternatiba behin eta berriz eskatzea ez dut uste egokia izan denik. Tonua asko altxatu du une horretan", uste dut Gorka Artolak.
Irabazik, berriz, kontra bozkatu zuen Gobernuaren etxebizitza ereduaren aurka daudelako eta, horrekin batera, alkatearen tonua ere kritikatu zuten: "Non dago muga? Orain 900 etxe huts daude... Nora heldu behar gara konturatzeko hau ez dela bidea, 1.500 etxe huts izatera? Hor dago gakoa [...]. [Gobernuan daudenak] Behin eta berriz erasotzen ari da, sekulakoak esaten didate. Ez dute inongo errespeturik, oso harroak dira", uste du Aiert Lizarraldek.
Alkateak, bilkurako eztabaidan Irabaziri alternatiba bat proposatzea behin eta berriz eskatzeaz gain, Udalak halako hitzarmenak ahalbidetzeko erantzukizunez jokatu behar duela gaineratu zuen: "Halako hitzarmen baten kontra bozkatzeak, eta hori egin du Irabazik, esan gura du Udalak ordaintzen diola sustatzaileari diru kopuru bat hori [eguneko zentroa] ez egitearren, eta ez dut uste Bergarako Udalak hori egin behar duenik".
Soraluce enpresarekin hitzarmena, behin betiko izaeraz
Amaitzeko, otsailaren 11n behin behineko izaeraz onartu zen Soraluce enpresarekin adostutako hitzarmenari behin betiko onarpena eman zitzaion. Hitzarmen horri esker Soraluce enpresaren proiektua Mekolalde eta Osintxun egonkortu egingo da eta San Lorentzoko egungo lantokian Lidl supermerkatu bat ireki.
EH Bilduk ez du begi onez ikusten merkataritza gune berri bat bertan egokitzea, baina Soraluce-ren plan estrategikoa Bergaran egonkortzea albiste ona da eurendako. Horregatik abstenitu ziren. "Berba egin dugu Bedelkarrekin eta pertsonalki egon gara Soralucerekin. Enpresaren partetik jaso dugun informazioarekin, ikusi dugu plan estrategikoa garatzeko oso inportantea zela hitzarmen hau sinatzea. Horregatik ezin genuen hitzarmena oztopatu. Hori bai, merkataritza gune handi berri bat jartzea ez dugu begi onez ikusten, ez da gure eredua".
Irabazik kontra bozkatu zuen hitzarmena gobernuaren eta enpresaren artean bakarrik landu delako. "Alde bakarreko erabakia izan da, Gobernuaren eta Soraluceren artean. Guk ez dugu ezertan parte hartu, eta hori ez zaigu batere gustatzen".
Alkateak ez du ulertzen hitzarmen horren kontra bozkatzea edota abstenitzea: "Kontrako botoa ez dut ulertzen eta abstentzioa ere ausardia falta itzela da. Soraluce Bergarako aktibo ekonomiko oso inportantea da; ehun familiatik gora bizi dira enpresa horri esker. Ezin da abstentzio bat aurkeztu".