Argi berdea Amillagako Soraluce enpresaren tokian Lidl bat irekitzeari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 12a, 12:25

Bergarako udalbatzak behin behineko hitzarmena onartu du Soraluce-rekin, enpresak Osintxun duen planta egonkortu –pabiloi berri bat eraikiko dute– eta gaur egungo Amillagako lantokian Lidl supermerkatu bat zabaltzeko. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoak, EH Bilduren abstentzioa eta Irabaziren kontrako botoa jaso zuen proposamenak. 20 egunez jendaurrean erakutsi ostean osoko bilkurak eman beharko dio behin betiko onarpena.

Soraluce enpresak Osintxuko eta Mekolaldeko ardatza egonkortu gura duela-eta Amillagako eraikina eta lursaila salduko ditu eta bertan Lidl supermerkatu bat irekitzea dago aurreikusita. "Aktibitate honek ez die herriko komertzio txikiei eragingo; bertan dauden supermerkatu handiei bai, baina haien arteko lehia izango da. Hain zuzen, baldintzak jarri ditugu herriko komertzio txikiei ez diezaien eragin: aktibitate bakarra eta elikaduraren bueltakoa eta denda txikirik ez egotea inguruan, besteak beste", uste du Elena Lete alkateak.

EH Bilduk "errespetu falta" moduan definitu zuen gobernuak lehenago informatu ez izana: "Prozedura ez zaigu zilegi iruditzen. Halako hitzarmen bat garatzeak lanketa sakon bat behar du eta ez da zentzuzkoa oposizioari bost egun aurretik aurkeztea dokumentazio osoa eta ezohiko bilkura batera deitzea; guk dakigula, ez da lanketarik eman hirigintza eta garapen ekonomikorako batzordeetan", dio Gorka Artolak. 

Irabazik uste du hitzarmena "oso negatiboa" dela: "Eroski, Super Amara, Dia eta orain Lidl... Uste dugu dagoeneko nahikoa dugula; honek ekarriko duena konpetentzia areagotzea eta sektore horretarako prekarietatearen areagotzea. Hitzarmen honek erakusten du gobernu honek komertzio handiaren aldeko apustua egiten duela komertzio txikiaren gainetik".

Hitzarmenaren bozketa unea: EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten (8), EH Bildu abstenitu egin zen (7) eta Irabazik kontrako botoa eman zuen (1).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak