Hainbat lan egingo dituzte Angiozarren AHTaren konpentsazio gisa

Txomin Madina Milikua 2019ko mar. 4a, 19:32

Bergarako Udalak, Beheko kalea eta Angiozarreko plaza lotzen dituen tartean hainbat hobekuntza egingo ditu, tarte hori berrurbanizatuz eta eskailera berriak jarriz. Abiadura Handiko Trenaren lanen konpentsazio gisa, Internet sarearekin, Eskola Txikiarekin eta Azkarruntzekin zerikusia duten bestelako proiektu batzuk ere egingo dituzte

Angiozarreko Beheko kalea eta plaza lotzeko hainbat lan egingo ditu datozen asteotan Bergarako Udalak. Hala, Beheko kaleari bukaera emango zaio berrurbanizatuz, eta tarte horretan behatoki bat ere egokituko dute. Orain daudenen partez eskailera berriak ere jarriko dituzte eta lanok aprobetxatuko dituzte azpiegitura eta sare guztiak berritzeko. Horixe azaldu dute goizean egindako aurkezpenean Elena Lete alkateak eta Auzoetako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko zinegotzi Lander Arregik. Adierazi dutenez, lanokin auzoko irisgarritasuna hobetzea da helburua.

Proiektu teknikoa Sestra estudioak egin du, eta lanak Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu dizkio Udalak 110.139 eurotan. Lanak egiteko, 42.000 euro jasoko dira  Eusko Jaurlaritzaren Erein programari esker. Asmoa da lanak martxoan hastea, eta hiru hilabeteko epean amaituta egotea.

Beste lan batzuk

Abiadura Handiko Trenaren lanek auzoan izango dituzten ondorioen konpentsazio gisa bestelako lan batzuk ere egingo dituzte Elena Letek azaldu moduan. Fomentok eta Telefonicak milioi bat euro gastatuko dute auzoan Internet sare hobea jartzeko; eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Angiozarreko Eskola Txikia handitzeko proiektu berria egitea onartu du. Gainera, Udalarekin adostasun batera heldu ostean, Arcelor-Mitalek eta UT Angiozar-ek euren gain hartuko dute dituzte Azkarruntzeko biltegia bota eta Angiozarrera joateko sarrera/irteera bi norabidekoa bihurtzeko lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak