Gaur aurkeztu dute, seminarioko patioan bertan, BEB Arkitektoak estudiokoek idatzi duten proiektua. "Udalaren ustez estrategikoa da Bergararentzat erdigunean aparkatzeko aukerak erraztea, bai herritarrontzat zein arrazoi desberdinengatik bisitatzen gaituztenontzat; beste ate bat zabalik izatea bermatzen du honek. Bergarak hazkundea izaten jarraitzea errazteko eta herriko jarduera indartzeko beste pauso garrantzitsu bat da lur azpiko aparkalekua errealitate bihurtzea", esan du Elena Lete alkateak.
Argazkia: Proiektuaren berri emateko agerraldia gaur, seminarioko patioan.
86 aparkaleku, horietatik lau auto elektrikoendako
Proiektuaren idazketa BEB Arkitektoak estudiokoei adjudikatu zitzatzen 34.425 eurotan. Aparkaleku berriak lauki zuzen itxura izango du eta bertan 86 aparkaleku-plaza aurreikusten dira; horietatik hiru mugikortasun mugak dituztenentzat eta beste lau ibilgailu elektrikoentzat.
Ibilgailuen sarrera eta irteera Ibargarai kaletik egingo da, zehazki Justo Garate plazaren azpian dagoen aparkalekuko sarrerari paralelo. Bi sarrera-irteerak errazteko biribilgune erdi bat egitea proposatzen da.
Oinezkoak Ibargarai zein Herri Lagunak kaletik
Oinezkoendako bi sarrera aurreikusten dira, bakoitza mutur batean kokatuta: bata Ibargarai kaletik eta bestea Herri Lagunak kalera ematen duen plazatxotik.
Patioaren eta Ibargarai arteko horma behera
Seminarioko patioko urbanizazioari dagokionez, gaurko aurkezpenean nabarmendu dute eremu horren eta Ibargarai kalearen arteko horma ezabatu egingo dela, eta ondorioz Ibargarai kaleko espaloi zabalagoak lotura zuzena izango duela Seminarioko patioarekin. Hala ere, ume askok erabiltzen duten gunea izanik eta ondoan errepidea dagoela jakinda, Udala segurtasuna bermatzeko aukera ezberdinak aztertzen ari da.