Seminario azpiko aparkalekuak 90 plaza izango ditu solairu bakarrean eta, doakoa edo ordainpekoa izango den zehaztu barik badago ere oraingoz, txandatze bidez funtzionatuko du. Hori aurreratu du asteon Elena Lete alkateak Udal Gobernuaren agintaldiko proiektu nagusienetakoa denaren gainean: "Proiektuaren idazketa udazkenean bukatuko dugu eta udazkenean bertan murgilduko gara exekuziorako adjudikazio prozesuan. Gure asmoa da urtea bukatu aurretik obra lizitatzea eta otsailean lanak martxan jartzea".
Enpresa eraikitzailerik ez apenas
Hortaz, txandatze bidez funtzionatuko dutela zehaztu dute, baina oraindik ez dute erabaki ordainpekoa edo doakoa izango den: "Kontzesio bidezkoa ez dela izango eta txandatze sistema izango duela, ziur. Ordaindu beharko den edo ez, herrian dugun aparkalekuan eskaintzaren araberakoa izango da".
2018ko udal aurrekontuan 1.400.000 euroko partida bideratu zuen Gobernuak proiektu horretarako, horietatik 1.120.000 euro mailegu bidez lortuta. Orain arte, azterketa topografikoak eta geoteknikoak egin dituzte seminarioko patioan eta, besteak beste, ikerketa horietatik ondorioztatu da lur azpian dagoen hodi biltzailean moldaketak egin beharko direla. "Ikastolaren patioa da, jaietako zezen-plaza bertan jartzen dugu eta bestelako ekintzak ere antolatzen dira bertan. Herriaren erdian dago eta obrek egunerokoan eragina izango dute. Hala ere, saiatuko gara obren exekuziorako epeak ahalik eta gehien laburtzen". Hala ere, Letek ez du obren bukaerarako eperik zehaztu: "Proiektuaren idazketa erabat bukatuta egon arte ezingo dugu eperik zehaztu, hankarik ez sartzeko".
Bestalde, azkenaldian bideratu behar izan dituzten bestelako obra batzuetako lizitazio prozesuetako emaitzak ikusta, Letek dio "arazo larriak" ari direla izaten enpresa eraikitzaileak topatzeko; horren adierazle, bi adibide jarri ditu: "Angiozarko beheko kaleko urbanizaziorako lehiaketara ez zen enpresarik aurkeztu eta Uberako beste proiektu baterako enpresa bakarra aurkeztu da".