Gainera, Udalak erabilera publikorako eremu bat berreskuratuko du eta bertan, besteak beste, aparkaleku batzuk kokatzea da asmoa.
EH Bilduk aldeko botoa eman zion hitzarmenari, Gureak etortzea positiboa dela uste dutelako baina betiere aldez aurretik gobernuarekin erabilera komertziala mugatzeko aldaketa bat adostu ostean. Erabilera komertzial erraldoiak ekiditeko, plan berezia martxan jartzen denean neurri hori hartzeko konpromisoa eskatu dio EH Bilduk gobernuari eta adostasun batera heldu dira bi aldeak.
Azterketa sozioekonomiko berria
Bestalde, galderen eta eskaeren tartean Irabazik eskatu zuen martxan jartzear dagoen azterketa sozioekonomikoari ingurumen ikuspegia ere txertatzea. 1970ko hamarkadan Siadeco enpresak egin zuen azken azterketa sozioekonomikoa, adituek goraipatu izan dutena, eta orain, gobernuaren ustez, eguneratu egin behar dena. Alkateak uste du orain dela horretarako une egokia.
Irabaziren arabera, "zaplazteko handia" izan da ingurumen ikuspegi hori azterketa horretarako pleguetan ez sartzea. Hala ere, Irabazirendako orain bertan kezkagarriagoa dena da Bergarako bi familia etxe kaleratze baterako arriskuan daudela eta gobernuari eskatu zion epaiketa heldu aurretik lanketa bat egin dezala.
Bukatzeko, EH Bilduk kezka azaldu zuen Udaleko kanpo zein barne komunikazioan azkenaldian euskarari eman zaion tratamenduagatik.