Irailean hasiko da Gureak lehengo Candyn lanean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko uzt. 20a, 09:04

Gureak Taldearendako pabiloietan lanak aurreratuta doaz.

Orain arteko espazio faltari aurre egitea eta jarduera ekonomikoa handitzea asmoz, Gureak-eko 70 bat langile Candy zeneko 5.130 metro koadroko pabiloietan arituko dira lanean irailean; 2020rako pabiloi berri bat eraiki gura dute, gaur egungo bat bota ostean.

"Asmoa da irailean jarduera normala bertan [Candy zena] egitea". Jose Ignazio Galarragaren hitzak dira, ahalmen desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duen Gureak taldearen kokapen berriak bilatzeaz eta hirigintza kontuak kudeatzen dituen arduradunak. Lanak oso aurreratu daude, baina izan dira atzerapena eragin duten arazoak; tartean, Candy zenaren eremua kutsakorra zela zioen espedientea: "Bideratu beharra zegoen eta denbora behar izan da. Hala ere, Udalarekin lankidetzan lortu genuen eraikitzeko lizentzia".

Hiru fasetan dago aurreikusita Gureak-en lurreratzea Candy zenaren eremuan, eta lehen fasea amaitzear dago dagoeneko. "Gure beharrak, beste enpresa batzuekin alderatuta, ezberdinak izaten dira eta lehen faseko pabiloi horiek gure beharretara egokitzen dihardugu. Abuztuan makina berriak ekarri eta instalatuko ditugu eta espero dugu irailean martxan egotea. Irail hasieran, akaso, ez, baina irailean zehar bertan normaltasunez lanean egotea da gure helburua", dio.

60 eta 80 langile artean

Gureak-en jarduera nagusia automoziorako kableatua prozesatzea, askotariko muntatze lanak egitea eta pieza batzuen mekanizazioa da, eta halaxe egiten jarraituko dute Bergarako lantegi berrian ere. "Bergaran hasierako muntaia egingo da, beste lantegi batzuetan moduan. Gero, Tolosan edo Goienetxen behin betiko produktuak osatuko dira", zehaztu du Galarragak.

Oraindik ez dakite zehatz-mehatz zenbat langile egongo diren hasierako faseko pabiloi horietan, baina 5.130 metro koadroko azalera hartuko duen eremuan 60 eta 80 langile artean izango direla dio Galarragak. "Aukera eder hau suertatu zaigu eta etorkizunerako pauso garrantzitsu bat da". 2020ra bitartean, ekipamendu eta makinaria berrietan 1,8 milioi euroko inbertsioa dute aurreikusita.

"Plan berezi bat" lantzen

Bigarren faserako "plan berezi bat" lantzen ari da Gureak Udalarekin batera. "Ondoko pabiloia bota eta beste bat eraiki gura dugu. Izan ere, teilatua zementuzkoa da eta ikerketak daude halako sabaiek minbizia sor dezaketela diotenak; hori ezin dugu onartu. Egitura bera ere okertuta dago; beraz, ez du merezi pabiloia egokitzea, bota eta beste bat eraikitzea da asmoa".

Azpiegitura zaharra denez, "txukun eta moderno" gura dute Artabilako lantegia, eta bertan muntatze tailerra egongo da; 120-130 lanpostu inguru. Galarragaren arabera, 2020rako gertu egongo dira. Oro har, espazio falta edo "metro koadro beharra" zutelako mugitu dira Candyra eta helburu orokorra da orain arteko jarduera handitzea.

Harreman ona hasieratik

Hasieratik ona izan da Udalaren eta Gureak-en arteko harremana: "Interesa erakutsi dute Gureak hemen egoteko, jarduera berezi bat eta enpresa handi samar bat ekartzea nahi zuten. Elkar ondo ulertu dugu eta gu hemen egoteko lana erraztu digute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak