Jakinekoa da egun beroenetan Agorrosingo igerilekuetan edukiera arazoak izaten direla eta bainua hartzeko sorosleek txandak antolatu behar izaten dituztela.
150 metro koadro, 160.000 euro
Arazo horren aurrean Udal Gobernuak irtenbide ezberdinak aztertu eta erabaki zuen Agorrosingo berdegunean bertan ur txorroten edo ur jolasen gune bat kokatzea. Irudiotan ikusten den eremuan joango lirateke gune berri hori, 150 metro koadro inguru hartuko lituzke eta aurrekontua da 160.000 euro ingurukoa.
Hala, jolasak zeintzuk izango diren erabakitzeko gobernuak erabaki du udalekuetako umeen iritzia eskatzea. Alkateak nabarmendu du umeek begi onez ikusi dutela proiektua eta argi dutela zer den gura dutena.
Adin ezberdinetako umeek erabili ahal izateko, txorrota handien eta txikien artean aukeratu behar izan zituzten.
Udalekuetako umeen iritzi horiek jaso ostean opor osterako idatzita izango dute proiektu oso; asmoa da udazkenean obrak hastea eta 2019ko udarako gune berria erabiltzeko gertu izatea.
EH Bilduk ez du begi onez ikusten
Bestalde, EH Bilduk ez du proiektua begi onez ikusten. Oposizioko talde nagusiak uste du gune berria Agorrosinen jarrita erabiltzaileak asko mugatzen dituela, besteak beste, kiroldegiko erabiltzaileak izan behar direlako. Baliabide naturalak aztertzearen aldekoa da EH Bildu, eta diotenez, berez eskasa den berdeguneari 150 metro koadro kentzea ez da egokia.