EH Bilduk gogora ekarri duenez, badira urte batzuk Agorrosingo kanpoko igerilekuetan aforo arazoak daudela: "Herritarrek irtenbideak eskatzen dizkigute. Duela urtebete ur-txorroten eremu bat sortu edo beste alternatiba batzuk aztertzeko parte-hartze prozesu bat zabaltzeko eskatu zion EH Bilduk EAJ-PSEren gobernuari eta irailetik aurrera horretan buru-belarri jartzeko konpromisoa hartu zuen".
Herritarrekin eta talde politikoekin "inolako lanketarik egin gabe"
Oposizioko talde nagusiak salatu du herritarrekin eta talde politikoekin "inolako lanketarik egin gabe" ekarri zuela ur-txorrotak Agorrosingo igerilekuetan kokatzeko proposamena udal-gobernuak. "Agorrosingo eremu barruan ur-txorrotak jartzeko 160.000 euro inguru gastatuko ditu Bergarako Udalak, berez nahikoa urria den berdeguneari 150 metro koadro kenduz", diote.
Horrez gain, EH Bilduk kritikatu du ur txorrotak Agorrosinen jartzeak proiektua bera eta erabiltzaileak asko mugatzen dituela: "Eremuaz disfrutatzeko bazkide izan beharko da edo sarrera ordaindu". Era berean, egungo proposamena "hankamotz" ikusten dute: "Halaxe esan genion gobernuari hasieratik, alternatibak aztertzeko eskatuz behin eta berriz. Beste askotan gertatzen den bezala, erabakia hartuta zegoen. EProiektua herritarrekin kontrastatu gabe egingo da, iritzirik ere jaso gabe. Proiektua parte-hartzearekin mozorrotze aldera udalekuetako umeek aukeratuko omen dituzte iturrien formak eta estiloa datozen egunetan. Ariketa bera polita izanda ere, iturriek perretxiko edo lore forma izatea garrantzizkoena balitz bezala".
Baliabide naturalak aztertzearen alde
Ur-txorrota parke bat sortu edo herrian dauden baliabide naturalak aprobetxatzearen alde agertu zen iaz EH Bildu eta Bergarak aukera handiak dituela uste dute. "Udarako ur-txorrotak Agorrosinen beharrean Bergarako auzo edo parke batean kokatzeak zerbitzu berria eskainiko lioke herritarrei eta jende pilaketei aurre egiteko eremu erakargarria izango litzateke, herriko inguru ezberdinetan giroa sortzeko aukera emanez eta gaur egun erabilera urria duten espazioak bultzatuz".
Inguruan dauden eredu ezberdinak aztertu dituztela diote eta aipatu dituzte, besteak beste, inauguratu berri den Mendaroko Andoneikuako berdegunea, Oñatiko Eltzia ur-parkea edo Azpeitiako Izarraitz parkea. "Hauetatik zer ikasi badugu Bergaran eta gure beharretara moldatuz alternatiba polit bat sortu beharra daukagu", gaineratu dute.