2019ko udarako ur jolasen gune berria martxan izatea espero du Udal Gobernuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko mai. 29a, 15:06

Laster uda giroa datorrela jakinda, Irabaziko Aiert Lizarraldek Agorrosingo kanpoko igerilekuen auzia mahai gaineratu zuen atzoko osoko bilkuran. Orduan eman zen jakitera 2019ko udarako espero duela Udal Gobernuak ur jolasen gune berri bat egokitzea Agorrosinen bertan.

Kanpoko igerilekuetako edukiera arazoari aurre egiteko proiektua izango litzateke ur jolasena. Oraindik, baina, proiektua idazteke dago eta, hain justu, udalekuetako neska-mutikoen iritzia aintzat hartzea gura dute.

 

EH Bilduk ondo ikusten du ur jolasen gune berri bat egokitzearena, baina penaz hartu dute prozesuan parte hartu ez izana.

Mahai sektorialen eskaera

Bestalde, aspaldiko eskaera bati eutsiz, Irabazik eta EH Bilduk mahai sektorialak osatzeko eskaera erregistratu zuen eta horren berri ere eman zuten galderen eta eskaeren tartean. Uste dute batzordeak tramite hutsa direla eta gaur egun udaletxean ez dagoela gaiak “modu serioan” lantzeko.

Lau mahai sektorial proposatu dituzte, uste dutelako Gobernuak ez duela iniziatibarik erakutsi orain arte: jasangarritasunarena –aztarna ekologikoa, karbono aztarna, elikadura eta energia burujabetza, hondakinen kudeaketa, mugikortasuna, uraren kudeaketa...–, etorkizun sozio-ekonomikoarena, gizarte zerbitzuen karteraren garapenarena –gizarte beharren kudeaketa, zerbitzu berrien garapena, aurretik martxan daudenen gabezien identifikazioa eta egin beharreko moldaketak–eta herri antolamenduarena –mugikortasuna, zerbitzuen egoera eta antolamendua, etxebizitza eta lurralde antolamendua, hirigintza jasangarra...–. Alkateak erantzun zuen eskaera aztertuko dutela.

Udalaren laikotasuna eztabaidagai

Atzoko bilkuran eztabaida eragin zuen beste gai bat izan zen laikotasunarena. Izan ere, Irabazik kritikatu zuen bukatu berri diren jaietako egitarauan meza nagusia hirugarren urtez jarraian iragarri izana eta gogora ekarri zuen udalbatzak aho batez onartu zuela Udalaren izaera laikoa defendatzen duen mozioa. Gobernuak nabarmendu zuen, herriko eragile garrantzitsuetako bat den San Joxepe elkartearen eskaerari kasu eginez sartu zutela ekintza egitarauan, baina ez dutela inongo arazorik horrekin. Oposizioak ez du horrela ikusten.

Bestalde, gai zerrendari erreparatuz, azken orduko gaien artean adostu zen oinarrizko hitzarmen bat sinatzea URA agentziarekin; Irabazi abstenitu egin zen eta EAJk, EH Bilduk eta alderdi sozialistak aldeko botoa eman zuten.

Mankomunitatearekin hitzarmena turismoaren inguruan

Amaitzeko,  Bergarako Udalak eta Mankomunitateak turismoaren inguruan hitzarmen bat sinatzea onartu zen. Hitzarmen horren muina da, Elena Lete alkatearen arabera, Bergarako turismo eskaintza udalerritik bakarrik sustatu beharrean eskualde mailako bultzada behar duela: "Eskualdeko estrategia Bergarara ekartzea nahi dugu, eta bi urte barru balorazio bat egingo dugu. Ez dugu uste turismoa Bergara mailan bakarrik lantzeak etekina emango duenik eta beste eskualde batzuetan formula hau bera arrakastatsua izan da". Bi urterako hitzarmena da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak