Iñigo Zaitegi eta Pili Arin aritu dira lanean buru-belarri erretratuak aukeratzeko eta identifikatzeko. 62 argazki dira, iraganaren lekukotza ederra eskaintzen dutenak; betiere, kirolaren ikuspegitik.
Bergarako Udaleko, Pol-Pol Mendizale Taldeko eta Bergara Kirol Elkarteko artxibotik lortu dira argazki gehientsuenak, eta, Zaitegik nabarmendu dutenez, "oso zaila" izan da hainbeste argazkiren artean aukeraketa egitea.
5.000 bat argazki izan zituzten hasieran Arinek eta Zaitegik, eta horietatik 140 geratu ziren; azken aukeraketaren ostean, 62 erretratu erakutsiko dira aretoan; ez baitago gehiagorako lekurik.
Ekimenaren beste ezinbesteko hanka Pili Arin izan da. Berak egin ditu identifikazio lanak. Izan ere, argazki mordo bat zeuden inongo identifikaziorik gabe eta lan zailena protagonistei izen-abizenak jartzea izan da, Arinen esanetan.
Atletismoaren historia jasotzen
Horrez gain, Bergarako atletismoaren historia jasotzen ere badabil Arin, eta 150 argazki baino gehiago eraman ditu dagoeneko artxibora.
Beraz, gaur egin praktikatzen ez den arren, atletismoak Bergaran izan duen historia jasota geratuko da aurrerantzean.