Agorrosingo taberna ondoko patioan Bergarako historiaren parte garrantzitsu batez gozatzeko aukera egongo da uztailaren 28ra arte. Erakusketa bat jarri berri dute eta asmoa da abuztu osoan zehar Aroztegin ikusgai jartzea. 62 argazki dira, iraganaren lekukotza ederra eskaintzen dutenak; betiere, kirolaren ikuspegitik.
Bergarako Udaleko, Pol-Pol Mendizale Taldeko eta Bergara Kirol Elkarteko artxibotik lortu dira argazki gehientsuenak. 750. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldien barruan kokatzen da erakusketa hau ere, eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, "oso zaila" izan da milaka argazkiren artean 62 aukeratzea. Iñigo Zaitegi eta Pili Arin izan dira ekimenaren sustatzaile nagusiak, eta, diotenez, saiatu dira ahalik eta kirol gehien erakusten –horietako batzuk desagertuta daudenak egun Bergaran; atletismoa, ziklo-krosa, badmintona, boxeoa eta kriketa, adibidez–, eta irizpide parekidea ere aintzat hartu dute.
5.000 argazkitatik, 62
"Bergaran askotariko kirolak praktikatu izan dira eta maila oneko kirolariak izan ditugu diziplina ezberdinetan. Belaunaldi berriek seguruenik ez dute ezagutuko eta hori erakustea izan da helburu nagusia", dio Iñigo Zaitegik. Bergara Kirol Elkarteko 50. urteurreneko libururako egindako lana aprobetxatu du Zaitegik, hein batean: "Orduan sekulakoak egin genituen argazki zaharrak aurkitzeko, etxez etxe ere ibili ginen... Horregatik erabaki genuen Udal Artxiboari ematea eskuragarriagoa egon zitezen". 5.000 bat argazki izan zituzten hasieran Arinek eta Zaitegik eta horietatik 140 geratu ziren; azken aukeraketaren ostean, 62 erretratu erakutsiko dira aretoan; ez dago gehiagorako lekurik.
Identifikaziorako, lan handia
Ekimenaren beste ezinbesteko hanka Pili Arin izan da: "Argazki mordo bat zeuden inongo identifikaziorik gabe eta lan zailena protagonistei izen-abizenak jartzea izan da. Argazkiei fotokopiak atera eta herrian zehar galdetzen joan naiz; laguntza itzela jaso dut. Hain justu, uste dut erakusketa honen balioa dela argazkiak izendatuta doazela. Egindako lan hau betirako geratuko da hori". Betiko geratuko den moduan Bergarako atletismoaren testigantzak jasotzeko egiten diharduen lana.
Argazkien azalpena, ordenan:
1.- Mariaren Lagundiko emakume talde bat kriketean, 1930eko hamarkadan. Iturria: UDAL ARTXIBOA.
2.- 1999-2000 denboraldiko BKEko futbol talde jubenilak. Gabonetako torneoan Reala menderatu zuten. Iturria: IÑIGO ZAITEGI.
3.- Herriarteko Pilota Txapelketako txapeldunak (2009); tartean, Beñat Rezusta. Iturria: IÑIGO ZAITEGI.
4.- Plater tiroketako sari banaketa Agorrosinen. Iturria: UDAL ARTXIBOA.
5.- Erakusketako argazkirik zaharrena: Agorrosin futbol zelaia, 1920an. Iturria: UDAL ARTXIBOA.