Bergarar gehienek dagoeneko etxean jasoko zuten B750! aldizkaria, Bergarak hiri-gutuna jaso zuela 750 urte bete zituela gogora ekartzera datorren aldizkariaren lehen zenbakia. 16 orrialdetan barrena, hainbat atal interesgarri irakurri ahal izango ditu bergararrak, eta konturatuko da, besteak beste, herritarrek parte hartze zuzena izan dutela urteurren berezia gogoratzeko ekitaldiak antolatzeko eta egituratzeko orduan. Eta azken orriko agenda ikusiz gero, begi bistakoa da abenduaren 13ra bitartean askotariko erakusketa, ibilbide, kontzertu, hitzaldi eta bestelako ekintzak antolatu direla.
Ekain amaieratik aurrerakoak izango dira ekitaldi esanguratsuenak, baina dagoeneko gauzatu dira hainbat ekimen: Bergarako historiaren bizkarrezurraren sintesi liburuxka aurkeztu da –eta doan dago eskuragarri Udal Artxiboan, liburutegian zein www.bergara. eus atarian–, Mariaren Lagundiaren Ikastolak Erdi Aroko azoka antolatu zuen, Aratusteetan Bedelkarko komertzioek Erdi Aroko look-a hartu zuten, Madura elkarteak irabazi zuen 750. urteurreneko pintxo lehiaketa Trampantojoa izeneko gutiziarekin...
Herria balioan jartzeko aukera
Elena Lete alkateak eguazten arratsaldeko aurkezpenean azaldu zuenez, urteurrenaren harira antolatutako ekintzek balioko dute, besteak beste, Bergarako altxorrak balioan jartzeko: "Gurean dauden eta egunerokoan arretarik ematen ez diegun hainbat altxor balioan jartzeko balioko digu, gure bidelagunak direnei merezitako keinua egiteko, gure balioak berraztertzeko, alor guztietako sormena hauspotzeko, berdintasunean ekiten jarraitzeko eta Bergara hobea bermatzeko. Bide batez, bergarar izaera harrotasunez aldarrikatzeko".
Mahai historiko-zientifikoko kide Miguel Angel Elkoroberezibarrek nabarmendu zuen ekimenotatik asko dagoela ikasteko eta erakusteko: "Batzar, argitalpen, erakusketa eta hitzaldi hauek gure herria hobeto ezagutzeko eta ikertzen segitzeko aukera ezin hobea eskaintzen digute".
Aipatu gabe gera ezin daitekeen ekitaldi bat izango da, zalantzarik gabe, ekainaren 29an San Martin plazan ikusi ahalko den "kontzertu errepikaezina" Bergarako Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek aurreratu zuen emanaldi "berezi bezain hunkigarria" izango dela: "Ikuskizun erraldoi bat diseinatu dugu eta herriko musika elkarte gehienok murgilduta gaude ikuskizun berezi hori prestatzen".