Bergarako Saskibaloi Elkarteak gertu du aurtengo Hiruko Txapelketa. Herriko ikastetxeetan zabalduko dituzte izen-emate eskuorriak, eta Agorrosinen ere egongo dira herritarren esku. Ez hor bakarrik, baina klubaren webgunean ere (bergarake.com): "Erraz esaten da, baina dagoeneko hamaika urte egingo ditugu txapelketa hau antolatzen, eta pozik gaude, lan asko dagoelako atzean baina emaitzak merezi duelako", adierazi zuen eguazteneko agerraldian Marian Melladok, BKEko presidenteak.
Talde gehiagoren bila
Iaz 70 talde izan ziren txapelketan, baina San Juan jaiekin bat egin zuen torneoak, eta igarri egin zuten hori: "Kopuru polita izan zen iazkoa, baina bai, San Juan jaiek eragina izan zuten; herriko jendearekin batera kanpotik ere jendea etortzen delako, eta ez zirelako data aproposenak. Aurten, ordea, talde gehiago batzea espero dugu". Urtero moduan, torneoan hainbat kategoria izango dira. Zapatuan elite mailako gizonezkoek eta emakumezkoek, beteranoek, seniorrek, gazte mailakoek, kadeteek eta infantilek jokatuko dute, eta domekan gaztetxoenek.
Eguraldiak lagun dezala
Bestalde, txapelketa arrakastatsua izan dadin, aire librean egiten diren beste kirol hitzorduekin moduan, Hiruko Torneoan ere eguraldi ona izatea ezinbestekoa izaten da: "Orokorrean zortea izan dugu, baina eguraldi txarra egin duenean torneoa Labegaraietara eraman behar izan dugu, eta garbi daukagu ez dela gauza bera. Hirukoa kalean jokatzeko torneoa da, herritarrengandik gertu. Hor dago benetako saltsa".
Kirol egokitua ere bai
"Iaz sartu genuen lehenengoz kirol egokitua torneo barruan. Bera Berako ordezkariak etorriko dira, eta asmoa da bi talde sortzea eta lagunartekoa jokatzea.