Atzo eguerdian 112 zenbakira deitu zuen herritar batek, eta ondorioz Osintxura bertaratu ziren Bergarako udaltzainak. Hala ere, ordurako Ur Agentziako langileak lanean zebiltzan, Soraluzen "milaka arraian" agertu baitziren hilda.
Lehen hipotesia isurketa bat egon dela izan da, eta hori dela eta, une honetan Deba ibaiko hainbat puntutan dabiltza lanean Ur Agentziako hainbat langile, Ertzaintzarekin eta basozainekin elkarlanean. Bergara erdigunean, Mekolalden, Osintxun eta Soraluzen dihardute, hain zuzen ere. Helburua, Soraluze eta Antzuola arteko errekatik lagin ezberdinak ateratzea da.
Bergarako udaltzainek azaldu duten moduan, "aspaldian ez da horrelako ezbeharrik gertatu errekan". Izan ere, Ur Agentziako langile batek Goienari azaldu dioenez, ezbeharra "oso larria" izan da, "milaka arraina hilda agertu direlako bat-batean". Osintxun eta Mekolalden arrainen bat edo beste agertu dela ere baieztatu dute Ur Agentziako langileek, baina "arraroa" iruditu zaie Osintxun, ibaiak dituen txoko eta irla txikietan, arrain gehiagorik ez agertzea.