Bestetik, gardentasun falta egotzi dio Irabazik Udal Gobernuari, "negoziaziorako borondaterik izan ez duelako". Eta kexu azaldu da proiektuaren zehaztasun faltarekin. Horri dagokionez, lurrazpiko parkinga egiteko asmoa eta Arrizuriagako proiektua aipatu dituzte. "Ez dituzte horien xehetasunak jakinarazi. Gure ustez, esan dutena baino gastu handiagoa eskatuko dute egitasmo horiek", azaldu du Lizarraldek. Aurrekontu proposamenaren arabera, 1.400.000 euro bideratuko lirateke lurrazpiko parkingaren obretara.
Horrenbestez, aurrekontuak atzera bota, eta, zerotik hasita, berria eraikitzen hasteko eskatu dio Irabazik Udal Gobernuari, "herriaren beharretara egokitutakoak izan daitezen". Horretarako, beharrezkotzat dute herritarren parte hartzea.
Hori horrela, aurrekontu "justuagoen" alde borrokatzen segituko dutela berretsi dute Irabazikoek: "Etxebizitza, langabezia eta ingurumena moduko gaietan sakonduko dugu, politika eraginkorrak lortzera bidean". Eta, bestalde, adosturiko neurrien genero inpaktua aztertzeko konpromisoa exijitu dio Udal Gobernuari, "legeak dioena betez".