Urtarrilaren 29ko ohiko osoko bilkuran onartzekoa den 2018ko udal aurrekontuaren lanketaren harira, EH Bilduk "hausnarketa estrategiko" baten eta Udal Gobernuko kide den EAJri egindako proposamenaren berri eman du.
Oposizioko talde nagusiaren arabera, "ohikoa" izan da azken hamarkadan ikuspegi ezberdineko talde politikoak Udal Gobernura iritsi eta aurreko gobernuak egindako zenbait lan bertan behera uztea: "Gobernu aldaketekin lan-ildo eta indargune ezberdinak izatea ulergarria eta positiboa bada ere, Bergarako proiektu estrategikoen norabidean agintaldiz agintaldi aldaketak emanez joateak ez dio batere mesederik egiten herriari; baliabide publikoen xahutzea dakar, lan bikoizketak, beharrei erantzuna ematea atzeratzen da, gobernuen arteko talka etengabea…".
"Proposamen eraikitzailea"
Horregatik uste dute beharra dagoela etorkizunera begira plan edo bide-orri bat sortzeko: "Udalak datorren hamarkadetan jarraitu beharreko ildo estrategikoak ezarri eta udal gobernu berriek, edozein koloretakoak direla ere, garatuko duten etorkizuneko plana sortu behar da, eta horretarako prestutasuna azaldu eta proposamen eraikitzaile bat egin nahi dugu".
Hain justu, EH Bildu gertu dago Udal Gobernuaren aurrekontua osotasunean onartzeko; horretarako, baina, baldintza batzuk zehaztu dizkio EAJri. Batetik, 2018an zehar Bergarako proiektu estrategikoa lantzea gura dute: "Luzera begirako Bergara prozesu parte hartzaile baten bitartez irudikatu eta proiektu eta ildo estrategikoak adostea nahi dugu".
Bigarrenik, Gobernuaren inbertsio estrategikoak aipatutako parte hartze prozesuaren emaitzak izan arte ez exekutatzea eskatzen dute: seminario azpiko aparkalekua eta Arrizuriagako jauregia eta lorategia eraberritzea. "Horrek ez luke proiektu horiek 2018an zehar lantzen joatea oztopatuko", gaineratu dute.
Gainera, beste proiektu handietako parte hartzea indartzea –Espoloiko ziburuak eta Boluko ortuak aipatu dituzte– eta EAJk zein EH Bilduk herritarrek egindako hausnarketa estrategiko hori onartzeko konpromisoa hartzea ere eskatzen dute: "Aurrekontua onartzeaz gain, hausnarketa horretan parte hartzeko borondate osoa dugu".
EAJk ez du proposamena onartu
EAJk ez du EH Bilduren proposamena onartu, "estrategikoak" diren proiektuak "epe motzean" gauzatzeko konpromisoa hartu zutelako: "Ondo deritzogu epe luzerako proiektu estrategikoak zehaztea, eta horretako mahai bat eratzea proposatu genien; 750. urteurrenaren barruan mahai ekonomiko bat eratu da eta bertako helburuetako bat hori lantzea izan daiteke, epe luzera ze Bergara nahi dugun. Baina epe motzean, argi dugu aparkalekua eta Arrizuriagako proiektuarekin aurrera egin behar dugula. Hartutako konpromisoa betetzera goaz".